Lasterketa gogorra izan dute ikusgai oñatiarrek. Lokatzez eta ur-putzuz beteta zegoen ibilbidea, eta, lasterketak aurrera egin ahala, are zailagoa zen aurrera egitea. Tartean, erorikoak ere izan dira. Beraz, trakestuta bukatu du gaurkoan Urrutxuko zirkuituak.
Hainbat belaunaldi bildu ditu hitzorduak; elite, junior, kadete, master 30 eta master 40 kategorietako txirrindulariak, hain zuzen. Horietako hainbatek zuten Oñatiko ordezkaritza; eta kontuan hartzeko moduko emaitzak lortu dituzte horiek. Tartean dira Garazi Erostarbe eta Unai Cueva: bigarren postuan bukatu dute lasterketa –bakoitzak bere kategorian–, eta Gipuzkoako txapeldunaren maillota jantzi dute.
Elite ketagoria
Elite kategoriako txirrindulariek itxi dute gaurko lasterketa sorta; faborito nagusi izan zitezkeen hainbat txirrindularik ez dute esku hartu gaurkoan, Valentzian Espainiako txapelketako lasterketa zutela-eta. Bada, horrek ez du ikuskizunerako aukera baztertu. Erakustaldia eman dute Julen Zuberok eta Lierni Lekuonak. Tarte esanguratsua atera diete ostekoei: 40 segundo pasa, lehenak; bost minutu baino gehiago, bigarrenak.
Kategoriari dagokionez, aipatzekoa, bestetik, gizonezkoen artean hirugarren posturako izandako lehia. Nor baino nor gehiago jardun dute Iñaki Isasik eta David Hidalgok, eta segundo berdinean amaitu dute lasterketa –esprint luze baten ostean–. Lehenengoa gailendu da, azkenean.
Antolatzaileak, "pozik"
Euren aldetik, antolatzaileak "pozik" azaldu dira goizak eman duenarekin. "Ederra da herrian halako probez gozatzeko aukera izatea; are ederragoa, etxekoak maila onean daudela ikustea", azaldu dute.
Hementxe, Oñatiko VIII. Ziklo-Kroseko sailkapenak:
Elite kategoria, gizonak:
1.- Julen Zubero (Ciclos Zubero)
2.- Joseba Leon (Bikezona)
3.- Iñaki Isasi (Aiala SC)
Elite kategoria, emakumeak:
1.- Lierni Lekuona (Bizkaia Durango)
2.- Paula Suarez (Sopela Ugeraga)
3.- Erkuden Almagro (BXS BioExtreme)
Junior kategoria, gizonak:
1.- Miguel Sanchez (Castreño CC)
2.- Aitor Garmendia (Ampo)
3.- Iñaki Guaresti (Amurrio CC)
Junior kategoria, neskak:
1.- Lidia Calvo (CAF Turnkey Engineering)
2.- Garazi Erostarbe (Gipuzkoa Ogiberri)
Kadete kategoria, gizonak:
1.- Ander Lopez (Luyando Ganzedo)
2.- Unai Cueva (Ulma)
3.- Aritz Torres (Ulma)
Kadete kategoria, emakumeak:
1.- Lur Zufiria (Gipuzkoa Ogiberri)
2.- Irantzu Solaguren (Punta Galea TE)
Máster 30
1.- Oskar Gonzalez
2.- Iñaki Goiburu
3.- Mikel Epalza
Master 40
1.- Josu Isasi (Aiala SC)
2.- Jose Luis Iñorbe (Donosti Gain)
3.- Andoni Jiménez (UC Erandio)
Master 50-60
1.- Xabier Mendiaraz (Caravanas Erandio)
2.- José Lorenzo Esteban (BXS Bio Extreme)
3.- Arsenio González (Artatxori TE)