Ikusmina piztu zuen emakume ahotsez osatutako Ganbarako Hots abesbatzak atzo eskaini zuen Gabonetako kontzertuak, Izar ederra izenekoak: ikusleentzako 200 aulki gertatu zituzten, eta guztiak bete ziren. Beneditarren kaperan izan zen emanaldia, Aitor Biain zuzendariak azaldu bezala, leku berria Ganbararentzat: "Bertan abestu dugun lehen aldi izan da, eta esan behar da leku oso atsegina dela kanturako".
Ordu eta laurden inguru iraun zuen kontzertuak bi zati izan zituen. Lehenengoan, Raquel Ortega harpa jotzailea lagun zutela, Benjamin Brittenek idatzitako Ceremony of Carols interpretatu zuten, Gabonetako hamabi piezaz osatutako obra. Bigarren zatian hainbat musikariren lanak abestu zituzten, Gabon kantuak batzuk, baina baita musika sakroaren eta izpiritualaren adibideak ere. Bigarren zatian Eli Mendiarazek jo zuen pianoa, eta Nere Ibarra eta Edurne Agirre bakarlari lanetan ibili ziren.
Hain justu ere orain urtebete eskaini zuen lehen kontzertua 45 kide inguruz osatutako Hots abesbatzak, eta Aitor Biain zuzendaria pozik zegoen ordutik izandako garapenarekin eta atzoko kontzertuak emandakoarekin: "Jendeak esan digu asko hobetu dugula denbora gutxian. Lehenengo kontzertu hartan, hiru abesti kantatu genituen. Azpimarratu behar da hilean behin bakarrik elkartzen garela entseatzeko; kontzertu honetako programa ere lau saiotan prestatu dugu".