Sekula baino indartsuago itzuli da Hor Konpon taldea agertokira

Iker Oñate 2017ko abe. 17a, 10:15

21 urteko geldialdiaren ostean, agertokia zapaldu du bart Hor Konpon talde oñatiarrak; Joseba Tapia izan dute lagun –Besamotzak lana aurkeztu du–. Urteak pasa diren arren, ez zaie musika egitea ahaztu.

Kontzertuek eskaintzen duten adrenalina sentimendua berreskuratu gura zuten oñatiarrek, eta atzokoan –zapatua– topatu zuten asebidea. Jende asko bertaratu zen Oñatiko gaztelekura duela bi hamarkada pasako esperientzia hura errepikatzera. Horrez gain, gaztetxoak ere erakarri zituzten Hor Konponekoek. Duda barik, gozatu ederra hartu zuten bertaratutakoek.

Joseba Tapiak eskaini zituen gaueko lehen doinuak  –bi musikariren laguntza izan zuen–; Besamotzak lana aurkeztu zuen lasartearrak. Trikitia gitarra elektronikoarekin aldatu, eta bere ibilbidean konposaturiko hainbat kantu eskaini zituen. Rock doinuak ziren nagusi. Bada, Tapiak ezkutuan zeroan aurpegia ezagutu zuten oñatiarrek. Hori bai, trikiti doinuak entzun zitezkeen tarteka –grabaturiko soinua sartzen zutenean–.

Ostean iritsi zen Hor Konponekoen txanda, hastera zihoan kontzertu berezia. Eurek ere bazekiten hori, eta ez zuten edonolako emanaldia eskaini; agerian gelditu zen agertokira itzuliak zirela. Hain zuzen, aspaldiko irudiekin osaturiko bideo bat erakutsi zuten lehenengo, orduko hainbat momentu gogora ekarriz. Hori amaituta hasi zuten doinu festa, Itxuraren hipokresia kantuarekin.

Iragana gogoan, euren ibilbideko zenbait anekdota ezagutarazi zituzten abestien arteko isiluneetan. Presente zegoen iragana. Tartean, euren ibilbideko zati batean izan zuten folk ukitu horri ere egin zioten keinu, Hau da aldaketa abestiarekin. Esangura handikoa zuten abestia, eta Joseba Tapiaren laguntza izan zuten; lasartearrarena izan zen abestiari trikiti doinuak sartzearen ardura. 

Bestetik, Kilometroak jaialdiaren aurkezpenean eskainiriko abestia ere eraman zuten agertoki gainera; atzokoan, baina, bi modutan. Alegia, akustikoan eskaintzeko moldaturiko bertsioaz gain, jatorrizkoa ere eskaini zuten.

Azpimarratzekoa, bestetik, Hor Konponekoak abesti berri batekin bueltatu zirela agertokira: Hau da ene ondasun guztia. Uda partean sortu zuten kantua, Joseba Sarrionaindiaren hitzetan oinarrituta.

Gauzak horrela, kontzertu bukaeran "pozik" azaldu ziren Hor Konponekoak. Besteak beste, horretan zeresana izan zuten emanaldiko soinuaren kalitateak eta argi efektuen egokitasunak. Errepikatzeko moduko esperientzia izan zuten, beraz.

Aurrera begira

Kontzertua bukatuta, aurrera begira jarriak dira Hor Konponekoak; beti ere, atzokoa ahaztu barik. Gaur-gaurkoz, ez dute bira luzerik aurreikusten, "kontzertu solte batzuk eskaintzea, besterik ez". Euren doinuekin gozatzen jarraitu gura duenak, urtarrilaren 20an du hurrengo hitzordua: Bonberenean eskainiko dute kontzertua.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak