Asko ken dezakete azken segundoek

Iker Oñate 2017ko abe. 16a, 20:51

Mikel Agirre Fagor Industrialeko jokalariaren jaurtiketa. (Argazkia: Imanol Soriano)

Martxa barik hasi dute partidua bi taldeek, eta martxa barik jarraitu dute. Fagor Industrialek eta Ordiziak gaur zapatua zuten hitzordua, Zubikoa kiroldegian. Azken segundoetan, azken jokaldian, erabaki da norgehiagoka: 28-29. Ordiziarrek eraman dituzte bi puntuak.

Partidu gogorra aurreikusten zuten zaleek, eta ez dute kale egin: bi taldeek parean jardun dute norgehiagoka osoan zehar, inork ihes egin ezinda. Agian, intentsitate handiagoko partidua gura zuketen bertaratutakoek, baina, ezin denean, ezin da. Oro har, huts egindako paseak, jokaldiak bukatzeko ezintasuna eta ihes egindako baloiak izan dira lehen zatiko dinamikak emandakoak. Bigarrenean, bestetik, estutu egin du Fagor Industrialek, eta partiduaren norabidea aldatu du horrek.

Bada, bi taldeek pare parean jardun dute partiduko lehen zatian. Horren adierazgarri, markagailuak 25. minutuan adierazten zuena: 11-11. Batek egiten zuena errepikatzen zuen besteak, huts egin edo gola sartu; huts ugari izan dira tarte horretan, hotz ziharduten bi taldeek. Ihes egiteko aukera gutxi zuten, beraz.

Bazirudien bide beretik jarraituko zuela norgehiagokak, baina, uneek, erabakiek, ondorengoa baldintzatzen dute sarri. Momentu horretan –25. minutua–, jokalari bat gutxiagorekin gelditu da Fagor Industrial bi minutuz. Eta sortu diren zuloak aprobetxatu dituzte ordiziarrek; 27. minutuan, 11-13 zihoazen. Gainera, ihes egiteko keinuak min egin diezaioke kontrarioari, eta hori gertatu da gaurkoan. Atsedenaldian, 12-15 adierazten zuen markagailuak.

Bigarren zatian dinamikak bere horretan segituko zuela ematen zuen; are gehiago, Fagor Industrialek lau minutu behar izan dituenean lehen gola sartzeko (13-16). Baina, aurreikuspenak ez dira beti betetzen. Irabazteko gogoa erakutsi dute oñatiarrek, ordura arteko dinamika irauli dute: baloia azkar mugituz, defentsan gogor eta aurrean eraginkor. Bertaraturikoek ere eskertu dute hori; berotu egin da giroa. Eta jokalariek bueltan eman diete jasotakoa: 22-22, bigarren zatiko 20. minutuan. Are gehiago: gora bidean jarraitu dute; sei minutu beranduago, 27-25 adierazten zuen markagailuak –26. minutua–.

Baina, esan moduan, gaurko partidua ez da ihes egitea ahalbidetzen duten horietakoa izan. Eta azken minutuetan berdindu dute ordiziarrek; 28-28 zihoazen partidua bukatzeko minutu bakarra falta zenean –Fagor Industrialek zuen baloia–. Duda barik, asko erabaki dezake azken minutuak, eta gaur Zubikoan egon direnek ondo dakite hori.

Esan moduan, askorako eman du minutu horrek. Azpimarragarriena, etxekoek eginiko jokaldia: erasoan zihardutela, Kepa Urzelai atezainaren ordez sartu da Mikel Agirre jokalaria, ordiziarrak ustekabean harrapatu guran. Ez dute lortu. Hori bai, zaleek gogoz eskertu diete saiakera Fagor Industrialekoei, kikildu barik, arriskatzea erabaki baitute. 

Partidua bukatuta zegoela zirudien, puntuak banatuko zituztela bi taldeek  –bakoitzak, puntu bana. Baina, oñatiarren kalterako, ez da hala izan. Azken segundoetan Ordiziak zuen baloia, berak erabakiko zuen behin betiko emaitza. Eta gola sartu du: 28-29.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak