Gozatu ederra hartu dute Oñatiko pilota zaleek gaurkoan: Bengoetxea VI.ak eta Larunbek –gorriz– Elezkano II.aren eta Rezustaren –urdinez– kontra neurtu dituzte indarrak. Eskuz Binakako Txapelketako partidua zen; Aloña Mendiko pilota sailarentzat, 50. urteurreneko ekitaldi sorta ixteko hitzordu paregabea.
Garaipen beharraz iritsi dira bi bikoteak Zubikoara. Gaur artean, biek ala biek, hiru puntu posibleetatik bakarra zuten irabazia. “Galtzen bagenuen, atzean geratzen hasiko ginateke”, aitortu du Beñat Rezusta pilotari bergararrak partidu bukaeran. Beraz, irabazteko grinez baino, tarteka, galtzeko beldurrez jardun dute pilotariek.
Oro har, gorabehera handiko partidua izan da. Elezkano II.ak eta Rezustak osaturiko bikoteak hasiera ona eman dio partiduar –konfiantzaz ziharduen Elezkanok–, Bengoetxea esnatu den arte. Alegia, arriskatzea erabaki du leitzarrak, eta, utzi dioten minutuetan, gustura ibili da kantxan. Erraz nagusitzen ziharduten gorriek: 10-3. Bazirudien partidu laburra zegokiola Zubikoari, balantzak bere horretan segituko zuela. Baina, ez da hala izan.
Euren pilota atera dute urdinek, eta partiduaren dinamika irauli du horrek; Bengoetxeak zailtasunak zituen jokoan sartzeko, biziagoa baitzen pilota. Atzelariek hartu dute protagonismoa, eta eman dute maila. Hori bai, partiduaren erritmoak behera egin du; aurrelarien behin behineko agerraldiek besterik ez dute erritmoa apurtu. Tartean, pilota iristen zitzaionean, arriskatzea erabaki du Bengoetxeak, txokoan zein zabalean; zabalegi, batzuetan. 20-14 adierazten zuen markagailuak, urdinen alde.
Baina, esan bezala, gorabeheraz beteriko partidua izan da, eta urdinengana hurbiltzeko keinua egin dute gorriek. Tantoak egiten hasi da Bengoetxea, eta Larunbek ederki asko eraman ditu iritsi zaizkion pilotak. Gero eta gertuago zegoen berdinketaren ilusioa; baina, esandakoa, ilusio soilean gelditu da. Oso ondo eutsi dute Elezkanok eta Rezustak, konfiantzaz. Bada, 20-17 zihoazenean, txapara joan da Bengoetxearen dejada saiakera (21-17). Eta, horrekin batera, berdinketarako aukera. Partidu bukaeran, 22-17 adierazten zuen markagailuak.