Oñatiko Udal Gobernuak jakinarazi duen moduan, eguen goizean Gipuzkoako Aldundiko ordezkariekin bilera egingo dute eta garraio publikoaren inguruko proposamen zehatza egingo diete. Batu dituzten 1.500 sinadura baino gehiago ere helaraziko dizkiete.
Oñatiko Udalabatzak urrian onartu zuen mozio bat non Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen zitzaion garraio publikoan ezarritako zerbitzu murrizketak bertan behera utzi eta Oñati-Eskoriatza eta Oñati-Eibar lineak berrezarri zitzala. Autobus lineak kendu izanaren kontrako sinadura bilketari ere ekin zion urriaren 30ean eta bihar, abenduak 13, da sinadura emateko azken eguna. Udaletxeko sarreran daude sinadurak batzeko orriak. Oraingoz 1.500 baino gehiago jaso dituztela dio Udal Gobernuak.
Aldundiko ordezkariekin aste honetan egingo duten bileran foru eskumeneko bide-mugikortasunaren inguruko beste aztergai batzuk ere helaraziko dizkiete udal ordezkariek.