Emanaldi bereziak egingo ditu Ganbarak Gabonetan

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko abe. 5a, 12:48
Ganbarako kideak kultura etxeko areto nagusian

Emakume ahotsek osatzen duten Hots abesbatzak Benediktinarren kaperan abestuko du Raquel Ortega harpa jotzaile iruindarrarekin batera abenduaren 16an. Hilaren 29an berriz, argiztapen zaindua izango duen Serenity emanaldia egingo du Ganbara abesbatzak orkestrarekin batera. Sarrerak salgai daude Txokolateixian.

Izar ederra du izena Hots abesbatzak egingo duen kontzertua. "Duela hamalau hilabete jaio zen abesbatza hau, emakume ahotsena da eta hilean behin elkartzen gara entseguetarako. Bi zati izango ditu Gabonetako kontzertuak: zati baten Raquel Ortega harpa jotzaile iruindarra izango dugu lagun. Oso berezia izango da hori, gutxitan izaten dugu-eta harpa doinua entzuteko aukera. Benjamin Britten konposatzaile britaniarrak sortutako Ceremony of Carols obra ezaguna entzungo da. Bigarren zatian estilo eta garai ezberdinetako obrak kantatuko ditugu, konposatzaile euskaldunenak", azaldu du Edurne Agirrek. Bigarren zatian Eli Mendiaren laguntza izango duten pianoan eta bakarlari lanetan Edurne Agirre bera eta Nere Ibarra arituko dira.

Serenity izeneko emanaldia izango da Gabonetako bigarren kontzertu berezia. "Serenitatea transmititu gura diegu entzuleei eta horregatik iluntasunaren eta argiztapen bereziarekin jokatuko dugu. 22:00etan izango da kontzertua parrokian eta pieza bakoitzak bere argiztapen propioa izango du. Gainera, hasi eta bukatu dena jarraian egingo duen emanaldia izango da. Baliteke tartean jendeak txaloak egitea, emozioak eraginda, baina dena segidan eskaintzea da asmoa. Andoni Salameroren hitzak dituzte pieza batzuk eta bere ahotsa ere entzungo da off-ean", azaldu du zuzendariak, Aitor Biainek. Abesbatzan 43 lagun egongo dira eta beste 23 orkestran.

Pinotxo

Bestalde, Ganbara Txikik gauzatutako Pinotxo musikalaz ere jardun dute Ganbara kideko lagunak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Oihana Diazen esanetan orain arte egindako emanaldia oso arrakastatsuak izan dira eta beste bi gelditzen zaie oraindik: "Bata Bilboko Euskalduna jauregian izango da, abenduaren 27an 17:00etan. Eta azkena, urtarrilaren 3an 18:00etan Iruñako Gayarre antzokian. Bi emanaldietarako sarrerak areto bakoitzeko web orrietan daude salgai". Ikuskizuna prestatzen, muntatzen eta bukatu ostean dena jasotzen egin beharreko lana ere aipatu du Diazek.

ETBn

Euskal Telebistako Oholtza saioko kideak Oñatin izan ziren irailean Ganbararekin programa bat grabatzeko. Abenduaren 9an botako dute saio hori, 22:00etan. Ganbarako monografiko bat izango da (Ganbara, Hots eta Ganbara Txiki), Ilaski Serranok aurkeztuta eta Oñatiko irudiak ere agertuko dira.

Proiektuak

Gabonetako emanaldiak prest ditu Ganbarak baina dagoeneko ari da hurrengo urtekoak ere prestatzen. Ekainean, esaterako, mitologiarekin lotura izango duen kale ikuskizun bat egingo du Ganbara Txikik. Uztailean, emanaldia egingo du Ganbarak Hungriako Debrecen hirian, nazioarte mailako Grand Prix lehiaketaren barruan, Europako abesbatzen lehiaketa. Bazkideei zuzendutako kontzertuak, berriz, The Beatles taldearen doinuak entzungo direla ere aurreratu du Biainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak