Abenduaren 17an, domeka, egingo dute aurtengo Gabonetako azoka herriko artisauek. "Oraingoz hemeretzi artisau animatu gara parte hartzera eta egongo den aukera zabala izango da. Egongo dira, adibidez, egurrez eta harriez egindako jostailuak, jositako arropak, teknika ezberdinak erabilitako bitxiak, euskal zeramika, egurrarekin landutako objektuak, kosmetika naturala edo bizikleten pneumatikoekin egindako gerrikoak, esaterako. Jakiak ere egongo dira aurten, gainera. Adibidez, eztia", azaldu du Ainhoa Aranburuzabalak.
Eltzia
Herriko artisauen produktuak erosteko aukera egongo da egun horretan Oñatin. Izan ere, euren lanak ikusgai ez ezik salgai ere jarriko dituzte. "Gure postuez gain egongo da beste bat Eltziako informazioa zabalduko duena. Han nortzuk dauden, zer eta nola lana egiten duten erakutsiko dute postu horretan", adierazi du Aranburuzabalak.
Herriko artisauen azoka abenduaren 17an, domeka, egingo dute Foruen plazan 10:30etik 14:30era. "Euria egiten badu ere hantxe egongo gara; karpak eramango ditugu", gaineratu du Ainhoa Aranburuzabalak.