Indarkeria matxistari ezetz esateko ekitaldiak

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko aza. 24a, 13:23

Lur-Ikarak kabareta 17:30ean hasiko da, Foruen plazan, gaur. (Argazkia: Mugarik Gabe)
Globo moreak banatuko dituzte gaur ikastetxeetan, eta arratsaldean ikuskizuna egongo da Foruen plazan. bihar eguerdirako, elkarretaratzea deitu du herriko sare feministak, eta indarkeria jasan duten emakumeak izango dituzte gogoan.

Emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko eta horren aurka norberak egunero egin dezakeena aztertzeko mezuak zabaldu gura dituzten ekitaldiak antolatu dituzte egun hauetan herrian. Sare feministak, esaterako, elkarretaratzea, dokumental emanaldia eta kabaret ikuskizuna antolatu ditu.
 
Elkarretaratzea Foruen plazan egingo dute, bihar, zapatua, 13:00etan. Sare feministako kideek adierazi duten moduan, ekintza-omenaldia izango da, indarkeria matxista jasandako emakumeei zuzendutakoa, eta
esaldi hau irakurriko da elkarretaratzean erabiliko duten pankartan:Zeuen ausentzia gure borrokekin beteko dugu.

Bertsoak

Udalak ere bat egin du deialdia rekin. "Bat egiten dugu elkarretaratzearekin eta antolatu dituzten gainerako ekitaldiekin ere. Horiez gain, bertso emanaldi bat egongo da. Ane Labaka eta Beatriz Egizabal bertsolariek Erradikalak gara emanaldia egingo dute", gehitu du Leire Zumaldek, Udaleko Berdintasun zinegotziak. Emanaldi hori Santa Ana antzokian izango da, bihar, zapatua.
 
Gaur, egubakoitza, baina, kabaret ikuskizuna egongo da Foruen plazan. Mugarik Gabe taldearen Tipi Tapa kanpainaren barruan Pantzart-Bihotzerren taldearen proiektua da Lur-Ikarak kabareta. Bost emakumek
hartzen dute parte ikuskizun horretan, eta antzerki foro bat da, eszena bat beste eszena askorekin. Ikuskizuna 17:30ean hasiko da.

Globoak

Herriko ikastetxeetan ere egin dute lan Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira. Elkar Hezin, esaterako, mural bat egin dute ikastetxeko ikasle, senide eta irakasleekin batera eta bihar, zapatua, jarriko dute ikusgai. Zuazola institutuan, berriz, hiru dimentsioko piramide bat egin dute. Ikasleek eta irakasleek hausnarketa egin dute gaiari buruz, eta esaldi bana idatzi gero, piramidea osatuz. "Piramide barruan, San
Martingo ezkur batetik ernatu den haritz bat sartu dugu. Zaindu egingo dugu eta martxoan landatuko dugu zuhaixka, Martxoaren 8aren bueltan", azaldu du Zuazola institutuko irakasle Edurne Ugartek. Beltzez jantzi ta joango dira ikastetxera gaur.
 
Emakumeen indarkeriari ez dioten globo moreak banatuko ditu Udalak gaur ikastetxeetan. Eta egueneko osoko bilkuran adierazpen instituzionala irakurriko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak