Bolada onari eutsi, eta lidergoa sendotu guran jardungo dute oñatiarrek asteburuan. Zapatuan dute Mondraren aurkako partidua, 16:00etan hasita, Mojategi futbol zelaian. Sailkapenaren erdialdean dira arrasatearrak.
Horren harira, Aloña Mendiko entrenatzaile Gotzon Urzelaik "partidu zaila" aurreikusten du astebururako: "Ziur naiz intentsitate handiko partidua izango dugula. Ezagun dugu aurkaria, eta ezagutzen ditugu bere indargune eta ahulguneak; baina, horretan itsutu gabe, geureari helduta segituko dugu, geure jokoa eginez".
Gaur arte, partidu bakarra galdu dute Aloña Mendikoek, eta hori nabari da sailkapenean. Lehenengo postuan dira, hogeita hiru puntu eskuratuta –hemezortzi puntu ditu hurrengo sailkatuak–. Horrenbestez, badute tarterik hurrengo sailkatuekiko. Dena den, Urzelaik argi du oraindik bide luzea dutela egiteke: "Goian gaude, baina oraindik ez dago ezer irabazita".