Mende erdia ospatuko du pilota sailak

Iker Oñate 2017ko aza. 24a, 11:18

Mendi erdia egina duela ospatu guran, hainbat ekintza antolatu ditu Aloña Mendiko pilota sailak biharko. Tartean, sailak izaniko bilakaera azalaraziko duen dokumentala aurkeztuko dute Santa Ana aretoan; 12:00etarako finkatu dute hitzordua. Dokumentalaren laburpen bideoa zabaldu dute.

Herriko pilotazaleek ospakizun eguna dute biharkoa. 50 urte ditu eginak Aloña Mendiko pilota sailak, eta hainbat ekintza antolatu dituzte horren aitzakiapean. Besteak beste, sailaren atzera begirakoa biltzen duen dokumentalaren emanaldia eta bazkaria antolatu dituzte. Ikusentzunezkoarekin hasiko dute eguna; 12:00etatik aurrera egongo da ikusgai, Santa Anan.

Mende erdiaren errepasoa egin guran, ordubete pasako dokumentala egiten jardun dute azken urtean pilota sailekoek. "Urtebete inguru behar izan dugu dokumentala egiteko. Gehiago izango zen, jendeak erakutsi duen moduko prestutasuna adierazi izan ez balu", azaldu du Kepa Aranburuk, dokumentalaren lantaldeko kideak.

Horrekin lotuta, egitasmoaren bultzatzaileek argi zuten helburua. "Herriko pilota sailak 50 urteotan izaniko bilakaera ikusarazi gura genuen", azaldu du Josu Osak, saileko arduradunak. Beraz, gaur egungo egoera ere jorratzen du dokumentalak: "Emakumeen pilota taldeaz eta, oro har, egungo pilotariez ere badihardu ikus-entzunezkoak. Beraz, esan daiteke ez garela iraganeko gertaerak azalaraztera mugatu".

Bertsioak oinarrian

Herriko pilota sailaren bidelagun izan direnen –eta, gaur-gaurkoz, direnen– esperientziak ditu oinarrian dokumentalak; jokalariak ez ezik, batzordean jardun dutenak –eta dihardutenak– ere talde horretan leudeke. Besteak beste, Joxe Ramon Azkoitiak esku hartu du horretan, profesional mailan lehiatzea lortu duen herriko pilotari bakarrak. Bestetik, pilotaren bueltan ezagun diren protagonisten parte hartzerik ere bada; Joxean Tolosa amezketarra –herriko pilota taldearekin jardun zuen entrenatzen– eta Aitor Elkoro elgetarra –Aloña Mendiko fitxa izan zuen– dira horiek.

Gauzak horrela, egitasmoaren bultzatzaileak "gustura" dira urtebeteko lanak emandakoarekin. "Pozik gaude emaitzarekin. Egia da ezinezkoa dela ordubetean mende erdia azaltzea, baina zertzelada esanguratsuenak eskaini ditugulakoan nago", dio Aranburuk.

Pilota zaleen bazkaria

Dokumental emanaldiaren ostean, bestetik, bazkaria egingo dute herriko pilotazaleek; 200 lagun inguru batuko dira Zubikoako pilotalekuan. Oraindik ere badago txartela eskuratzeko aukera. Gainera, antolatzaileek iragarri dutenez, "hainbat sorpresa izango dira bazkalostean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak