Denboraldi bikaina egiten dabil Txikipolit –talde gaztea baina eskarmentu handikoa–, eta oñatiarrek bazekiten partidu samurra ez zela izango; eta halaxe izan da. Hori jakinik, dena ematera atera dira etxekoak eta lehen zatiaren hasiera oso parekatua izan da; atsedenaldira, baina, atzetik joan dira 8 eta 12. "Gogorra izan da lehen zatia eta golak egitea kosta egin zaigu", adierazi du Andoni Bernalek.
Bigarren zatian gogotsu kantxaratu dira eta indartsu jarraitu dute defentsa lanean. Zarauztarrek behera egin dute hamar bat minututan, eta hori aprobetxatuta markagailuan gerturatzea lortu dute; hainbat unetan gol bakarrera ere izan dira: "Berdintzen saiatu gara baina ez dugu lortu eta gero ez da egon zereginik", zioen Bernalek.
Punturik eskuratu ez arren gustura agertu da jokatutako partiduarekin: "Azken partiduetan ez dugu gure maila eman, baina gaur txip aldaketa egin dugu eta jarrera honekin jarraitu beharrean gaude".