Badabil Movember berriz prebentzioa gogorarazten

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko aza. 16a, 14:01

Aratz Losada, Jon Lopez, Josean Urmeneta eta Anton Sierra bibotea utzita BiziPoz tabernan. (Argazkia:Mireia Bikuña)
Barrabiletako eta prostatako minbiziaz kontzientzia zabaldu gura duen egitasmoak gero eta bibotedun gehiago batzen ditu urtetik urtera. Gaitza izan duen Josean Urmeneta 'Xolonpo'-k bere kasua kontatu gura izan du aurtengo kanpainan.

Movember hilabetea da azaroa eta Oñatin oso nabarmena da hori. Urtetik urtera gero eta gizonezko gehiago ikusten dira bibotearekin kalean eta aurten ere itxura hori dute askok hilabete hasieratik. "Barrabiletako eta prostatako minbiziaren gaineko kontzientzia zabaltzeko egitasmoa da hau eta medikuarengana joateko mezua ere zabaldu gura dugu aurten ere", dio Movember Oñati taldeko Jon Lopezek.

Minbizia

Gaitz horri lotuta Markel Irizarren aurpegia egon ohi da gehienetan baina ez da minbizi hori izan duen bakarra. Josean Urmeneta Xolonpo oñatiarrak ere izan du, adibidez, eta 60-65 urtetik gorako oñatiar dezentek dutela dio berak.
 
Prostatakoa izan zuen Xolonpo-k. "Lantegian egindako ohiko osasun azterketa batean antzeman zidaten. Minbiziaren arrastoak ikusi zituen medikuak eta bere gomendioa jarraituz, kendu egin zidaten prostata. 2015eko otsailean antzeman zidaten, eta urte bereko apirilean kendu prostata. Eta hori barik bizi naiz
azken bi urte hauetan". Ordutik azterketan egiten jarraitzen du. "Prostata kendu ostean badaude bi arazo gainditu beharrekoak. Lehenengo, txiza egiten ikasi behar duzu berriz, baina gorputzak azkar ikasten du hori. Bigarrena da sexua izatea. Baina hori ere ikasten da eta gainditzen da. Ni ondo bizi naiz eta uste dut zortea dudala garaiz antzeman zidatelako eta arazoa konpondu zelako. Beste batzuk ez dute nik adinako zortea izan. Horregatik, oso garrantzitsua da prebentzioa. Osasuna, zaintzeko da. Analitika arrunt bat egitea nahikoa da prostatako minbizia duzuen edo ez ikusteko eta edozein momentutan egin dezakezu".
 
Sexua izateko fase horretan egindako azterketa batean dena ez zihoala ondo ikusi zuten medikuek eta tratamendua hartu zuen berriro. "Duela urtebete izan zen hori, 2016ko azaroan. 35 saio jaso nituen eta harrez gero ondo nago. Badakit sarri egin beharko ditudala probak bizi naizen bitartean, baina ondo nago. Proba horiek eginda ere ondo bizi daiteke".

Kontzientzia

Duela bost urte jaio zen Movember mugimendua eta urtetik urtera jende gehiago batu da egitasmora. Aurtengo bibotedunen afaria hilaren 25ean egingo dute, Iturritxon. Jon ile apaindegian edo Ongi tabernan eman behar da izena. Bibote originalenak saria izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak