Olaitturri estaltzea jasoko du EH Bilduk 2018ko aurrekontuetan

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko aza. 16a, 19:23

Ehun proposamen baino gehiago jaso ditu buzoietan; legegintzaldi plana eta ekarpenak ere izan ditu kontuan.

Azaroaren 30ean egingo den osoko bilkuran bozkatu dute datorren urteko aurrekontua. Udal Gobernuak prest du txostena eta aurreko urtekoa baino %2,15 handiagoa izango dela dio; 18.781.000 euro guztira. "Aurrekontu proiektua lantzerakoan bereziki zaindu da finantza oreka egokia mantentzea eta ondorioz, aurrezki arrunt garbia duen aurrekontua da, zorpetze maila oso baxukoa", zehazten du Udal Gobernuaren prentsa oharrak. Gaineratzen du Ongizate eta Berdintasun alorretan "gastu soziala mantentzeaz gain, gizarte larrialdiak eta programa psikosozialetarako diru garrantzitsuenak indartu" egin direla. Baita Haurrak eta Gazteria batzordea ere, "ludotekak eta gaztelekuaren kudeaketa kontratu berritu batekin". Astean
eman dio asmoen berri Udal Gobernuak oposizioari.

Inbertsioak

Aurrekontua osatzeko erabili diren iturriak asko izan direla dio Udal Gobernuak oharrean: "legegintzaldi plana, udal teknikari eta langileen proposamenak, urtean zehar jasotako herritarren ekarpenak; baina bereziki azpimarratu nahi genuke aurrekontuen atarian jarri ditugun buzoietan jaso ditugun ehundik gora ekarpen".
 
Inbertsioei begira, kiroldegirako 300.000 euroko partida bat jaso du Udal Gobernuak obrak hasi ahal izateko proiektua esleitzeko eta beste 50.000 euro Olaiturrirako exekuzio proiektua ere jaso da; hor erabilera anitzerako espazio estali bat egitea da plana. Hurrengo hilabetetan, inbertsio horien zenbatekoak zehaztuta daudenean, urte anitzeko inbertsio plan bat prestatuko duela dio oharrean Udal Gobernuak, "ekonomia plangintza batez lagundurik". Alde Zaharrerako etxebizitzen birgaitzerako programa pilotu bat, Mendiko kale eraberritzeko proiektua, Kasablankarako jolasgune bat egitea eta herriko auzo nagusietako urbanizazioak berritzeko (San Lorentzo, Zubillaga, Olakua...) inbertsio planarekin jarraitzea ere gura du Udal Gobernuak. Baita Auzotasuna programarekin ere.
 
Inbertsio hauek aipatu ditu:
  • San Lorentzo, 240.000 euro
  • Zubillaga, 240.000 euro
  • Olakua, Irisgarritasun Plana 30.000 euro
  • Etxaluzeko parkea 400.000 euro
  • Araozko auzo ostatua 200.000 euro
  • Natur Eskolaren eraberritzea 185.000 euro
  • Kasablankarako jolasgunea 100.000 euro
  • Olaiturriko exekuzio proiektua 50.000 euro
  • Urgain sotoko forjatu sanitarioa konpontzea  400.000 euro
  • Kiroldegia exekuzio proiektua 300.000 euro
  • Eltzia azken fasea: teilatua, fatxada, patioa 110.000 euro
  • Maiatzak 1 plataforma bakarreko espaloia  20.000 euro
  • Plaza ondoko jolastokia asfaltatzea 31.000 euro
  • Bidebarrieta 22an Udal artxibategia egokitzea 55.000 euro
  • Irisgarritasun lanak (hilerriko arrapala…) 65.000 euro

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak