Foru Aldundiak semaforoa jarriko du GI-2630 errepide nagusian, Torreauzorako sarbide inguruan. Girder Ingenieros enpresak egin du proiektua, eta, horren arabera, Urbieta industrialdearen eta Torreauzorako sarbidearen oinezko lotura semaforo bidez arautuko da. Murias eraikuntza enpresak egingo ditu lanak ia 120.000 eurotan.
Lanak
Mikel Biain alkateak azaldu duen moduan, erabaki hori ez dute ondo hartu Udal Gobernuan: "Otsailaren 2an egin genuen bilera Aldundikoekin. Ulmako ordezkariak ere izan ziren bilera hartan, guztion artean zirkulazio arazoari irtenbide integrala eman gura genion eta. Hala, saihesbidean biribilguneak egitea proposatu genien. Hitz egin genuen teknikariak ere ez zuen zebra-bidearen aukera garbi ikusten, baina iritziz aldatu dute, antza, semaforoa jarriko
dute eta".
Saihesbideko eguneroko zirkulazio handia kontuan hartuta, Goribarren eta Garibain biribilgune bana egitea zen Udalak orduan Aldundiari proposatutakoa, industrialdeetarako eta auzoetarako sarbideak errazteko eta arriskuak murrizteko. "Hainbat auzo alkatek sinatu zuten eskaera horren idatzia, eta hori ere ez dute kontuan hartu", zehaztu du Biainek.
Semaforoa
Ulma Packaging negozioak pabiloi berria eraiki duen inguruan jarriko dute, alde batetik bestera errepidea gurutzatu behar duten oinezkoendako. Lanak noiz hasiko dituzten ez daki Biainek: "Errepidea Aldundiarena da eta, berez, ez du lanak egiteko baimenik eskatu behar Udalean".