EAJko udal taldeak bidalitako prentsa oharraren arabera, "Oñatiko herriak 379.000€ eskuratu berri ditu Madrilgo KUPOaren negoziaketa prozesua dela-eta oñatiarron alde. EH Bilduk, EAJ-PNVren negoziaketa gogor kritikatu badu ere, behin dirua eskuratuta, ordea, ez du inolako zalantzarik izan diru hori erabiltzeko. Izan ere, jasotako kopurutik 240.000€ erabili ditu udal gobernuak Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako kalte-ordaina ordaintzeko. Kalte ordain hori EH Bilduk hartutako erabakiaren ondorio zuzena da; hain zuzen, 2016.urtean udal gobernuak erabaki baitzuen ordu arteko kale-garbiketa kontratua etetea. Erabaki horren ondorioz, 4 lagun langabezian gelditu ziren eta horiek ezarritako errekurtsoari erantzuna izan da 240.000€tako kalte ordainaren ordainketa".
Oñatiko EAJ-PNVren udal taldeak adierazi du langileei eragin dizkien kalteen konponbidearekin ados agertu dela, baina ez EH Bilduren udal gobernuak hartutako erabakiarekin. Gobernuak oñatiarrendako jasotako dirua "euren kudeaketa txarra ezkutatzeko" erabili duela salatu zutela ere jasotzen du jeltzaleen prentsa oharrak. “Gainera, dirua erabiltzeko erabakia Alkate Dekretu bitartez eraman da aurrera, EAJ-PNVri beste
proposamenik aurkezteko aukera ere eman gabe”, gehitu dute jeltzaleek.
EH Bilduren gobernuaren kudeaketa txarra kritikatu du beste behin udal talde jeltzaleak ohar horrekin. “379.000€ak oñatiarron mesedetan erabili behar dira eta ez, inondik inora, udal gobernuaren
kudeaketa txarra ezkutatzeko”. “Gure iritziz diru hori udal zerga eta tasak jaisteko erabiliko beharko litzateke, horrela Oñatiko familia bakoitzak gutxi gora behera 85€ko hobaria jaso ahal izango bailuke”.