Garaipenaren bidea hartuta, jarraipena eman guran

Iker Oñate 2017ko aza. 10a, 17:44

Urteko lehen garaipena eskuratu zuten Aloña Mendi eskubaloi taldeko neskek.

Kostata, baina heldu zitzaien denboraldiko lehen garaipena Aloña Mendiko neskei. Bada, bide horri helduta segitu gura dute datozen partiduetan. Bihar dute hurrengo hitzordua, Zubikoan; Bera Bera taldearen aurka jokatuko dute, 18:00etan hasita. "Partidu zaila izango da, joko azkarra baitute donostiarrek, kontraeraso askokoa. Aste osoa jardun dugu zapatuko norgehiagoka prestatzen; irabazteko aukera izango dugu, beraz", azaldu du Nerea Morenok, taldeko entrenatzaileak.

Orain artean, oñatiarrek arazoak izan dituzte puntuak erdiesteko. Dena den, emaitzak ez dira beti jokoaren isla. Bada, sailkapenak hala irudi badezake ere –azken postuan dira oñatiarrak–, baikor da taldeko entrenatzailea: "Orain artean gol gutxigatik galdu ditugu partidu gehienak. Pozik egoteko moduko jarreraz eta jokoaz dihardugu, gainera. Hala, ziur naiz puntuak eskuratuko ditugula hemendik aurrera. Denboraldiaren hasiera baino garrantzitsuagoa da bukaera". Aintzat hartu beharra dago garaipen bakarrera dutela bosgarren sailkatua –hamaika talde ditu txapelketak–.

Talde izaera

Bestalde, Moreno "pozik" da jokalarien jarrerarekin. "Talde izaera sendotzea lortu dugu aurtengoan. Gainera, entrenamenduetan ikasitakoa kantxaratzeko gai izan gara orain arteko partiduetan; tartean, gogor dihardugu defentsan", dio. Beraz, bide beretik jarraitzea dute helburu, eta horretarako motibaziorik ez zaie falta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak