Toki askotatik hartu daitezke irudiak; airetik edo lurretik, adibidez; bakoitzak ikuspegi berria eskainiko dio azken emaitzari. Bada, bide horretan, Oñati airez erakusteko egitasmoari ekin zion Oier Yanizek (Oñati, 2002). Gaur-gaurkoz, forma emana die drone bidez harturiko irudi horiei, bideo bat sortuta. Horixe izango da, zehatz esanda, gaur gaztelekuan erakutsiko duena, 19:00etan hasita.
Zer erakutsiko diezu gaztelekura bertaratzen direnei?
Herria beste ikuspegi batetik –goitik– ikusarazten duen bideoa egongo da ikusgai, nik neuk sorturikoa. Finean, Oñatiko bazterrak bilduko zituzkeen ikus-entzunezkoa landu gura nuen, baina, ohikotasunetik gaindi, bestelako ikuspegia emanez. Batez ere, herriko eraikin ezagunak eta mendiak ageri dira bideoan.
Eta nolatan hasi zinen horretan?
Drone bat oparitu zidaten, eta irudiak hartzen hasi nintzen, helburu finko barik. Denborarekin, baina, irudi horiekin zerbait egin beharra nuela iruditu zitzaidan; Oñatiri buruzko ikus-entzunezkoa egitea egoki litzatekeela pentsatu nuen. Beraz, gaztelekuko kideei azaldu nien egitasmoa, laguntza eske. Baiezkoa eman zidaten.
Pasioa ez omen da proiektu bakarrera mugatzen...
Hala da. Oraindik ez dut aurrera begirako proiektu zehatzik. Baina pasioa elikatzen hasia naiz jada: Airetik drone view bataiaturiko Facebook profila sortu dut. Bertan, egunerokotasunean drone bidez harturiko irudiak –bideoak eta argazkiak– egongo dira ikusgai.