Federazio kanpainari ekingo dio mendi sailak

Iker Oñate 2017ko aza. 10a, 15:40

Mendizaleek azaroaren 22ra bitartean dute federatzeko aukera. Elkarteko egoitzan ez ezik, posta elektronikoz ere eman daiteke izena. Gaur-gaurkoz, 850 federatu inguru ditu Aloña Mendik, eta luzatuz doa zerrenda.

Datorren urterako federatzeko aukera zabalduko du Aloña Mendiko mendi sailak; azaroaren 22ra bitartean egongo da horretarako aukera. Bada, bi bide jarri dituzte federatu gura duenarentzat: Aloña Mendiko egoitzan ez ezik, alonamendi.mendi@gmail.com posta elektronikora idatziz ere eman daiteke izena. Horietan lehena, baina, ez da egun guztietan egongo erabilgarri; azaroaren 14an, 16an, 20an eta 22an zabalduko dute bulegoa, 19:00etatik 21:00etara bitartean.

"Garrantzi handia ematen diogu federatuta egoteari. Ezustekoak gerta daitezke mendian, eta halakoetarako komenigarria da estaldura izatea, besteak beste, erreskaterako eta osteko mediku segimendurako", azaldu du Amaia San Miguelek, mendi saileko kideak. Gauzak horrela, Aloña Mendik antolaturiko irteeretarako ere beharrezko da federatuta egotea. "Gipuzkoako Mendi Federazioak duela bi urte egin zigun baldintza hori jartzearen proposamena", dio. Ordura arte, salbuespen egoeretan besterik ez zuten eskatzen federatuta egotea.

Bide horretan, urteekin gora egin du federatuta dauden mendizaleen zerrendak. "Gero eta gehiago dira federatzen direnak, beharbada, azken urteetan mendian izandako ezbeharrek eraginda. Jendea kontzientziatuago dagoela dirudi", dio San Miguelek. Gaur-gaurkoz, 850 federatu inguru ditu Aloña Mendik.

Valderejora irteera

Aloña Mendiko mendi sailak aurrera segitzen du bitartean; Valderejo natur parkera egingo dute hurrengo irteera, azaroaren 19an. Bertan esku hartu gura duenak hilaren 16a baino lehen eman dezake izena, Aloña Mendi tabernan edo sailaren posta elektronikora mezua bidalita. "Zailtasun tekniko bako irteera izango da Valderejokoa. Azken finean, mendi zaletasuna bultzatzea dugu helburu nagusi; eta horren bidean dira antolaturiko ekintza gehienak", azaldu du saileko kideak.

Mendi Astea, azaro bukaeran

Bestalde, ohiturari jarraiki, Mendi Astearen ekintza sorta prestatzen dihardu mendi sailak; zehatz esanda, azaroko azken asterako finkatu dituzte hitzorduak. Era guztietako berbaldiez gozatzeko aukera izango dute bertaraturikoek. Besteak beste, Julio Villar alpinista, Jorge Garcia-Dihinx blogaria eta Oihana Kortazar mendi lasterkaria izango dira. Horrez gain, Kilian Jorneti buruzko ikus-entzunezkoa eskainiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak