Zazpigarren Mikopoteoa egingo da zapatuan Arantzazun

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko aza. 9a, 13:28

Udazken garaian, ohitura bihurtu da Arantzazun Mikopoteoa. Aurtengo ekitaldiak mikologo profesionala eta Ultzamako Mikologia Parkeko arduraduna den Javier Gomez Urrutia izango du hizlari beste behin. Mikopintxoak Zelai-Zabal, Goiko-Benta, Sindika, Milikua eta Arantzazuko Santutegia Hotela jatetxeek prestatuko dituzte.

Azaroaren 11ko jardunaldia Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Parketxeak antolatu dute, eta laguntzaile izango ditu Arantzazuko paraje ederreko Zelai-Zabal, Goiko-Benta, Sindika, Milikua eta Arantzazuko Santutegia Hotela jatetxeak.

Jardunaldiari 18.00etan emango zaio hasiera, Gandiaga Topagunea batzar-zentroan, Perretxikoak nola bereizi? Tricholoma generoa titulupean, Javier Gomez Urrutiak eskainiko duen hitzaldi eta mahai-inguruarekin. Hitzaldia gaztelaniaz izango da. Haren parte-hartzea amaitzean, Arantzazuko jatetxeetako sukaldariek ekitaldi honetarako sortutako mikopintxoak aurkeztuko dituzte.

Aurkezpenak eginda, 19.00en bueltan Arantzazuko gastronomia-zirkuitutik barrena ibilbidea hasiko da, Zelai Zabaletik Arantzazuko Santutegia Hotela arte, Goiko-Benta, Sindika eta Milikua tartean direla. Mikopote bakoitzak 2 euroko salneurria izango du, jatetxe bakoitzean. Mikopoteoak 21:00ak arte iraungo du. 

Ekintza honek aisia, kultura, natura eta gastronomia uztartu nahi ditu, eta antolatzaileen hitzetan "Arantzazun izaten diren gertaera arrakastatsuenen artean dago". Aurtengo ekitaldiarekin "mikologia gai interesgarriaren inguruan ikasiz arratsalde entretenitua pasatzeko asmoz" lagun-talde oparoa erakartzea espero dute antolatzaileek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak