Iraganera begiratua, etorkizuna eraikitzeko

Eneko Azurmendi 2017ko aza. 3a, 10:16

Jardunaldiak promozionatzeko egindako bideoaren irudi bat.

100 urte igaro dira Errusiar Iraultza gertatu zenetik, eta, mendeurrena baliatuta, mota guztietako ekintzaz osatutako jardunaldiak antolatu ditu Antixena gaztetxeak, hilaren 5ean hasi eta 19ra bitartean –hitzaldiak, autoformakuntza saioak, dokumentalak...–

Aimar Uribesalgo izan da jardunaldi horien sustatzaile nagusia. "Errusiar Iraultzaren 100. urteurrena izanik, momentu ezin hobea zela pentsatu nuen", azaldu du.

Sozialismoa izango da jardunaldi horien ardatza. Hala ere, gai ezberdinak jorratzeko "aitzakia" ere badira, Uribesalgoren esanetan. "Gizarte ereduaren auzia hor dago eta gaur egun, Euskal Herri mailan, beste gai batzuk ere modan daude, auzi soziala edota feminismoa, esaterako. Hau beste gatazka mota bat da, plazaratzea nahi duguna, eta horren inguruko eztabaida gizarteratzea da nahi duguna".

Sobietar Iraultzaren historia azaltzea izango da helburuetako bat. "Ez iraultza bera bakarrik, baizik eta horrek munduan eta Euskal Herrian izandako eragina ere aztertuko dugu egun hauetan", azpimarratu du.

Domekan hasiko dira jardunaldiak, lau fanzineren eta musika bilduma baten aurkezpenarekin. Antixena gaztetxean izango da hori, 18:30ean hasita. "Liburuetatik ateratako eduki teorikoz osaturiko lau fanzine aurkeztuko ditugu eta ondoren 18 abesti dituen musika bilduma aurkeztuko dugu. Formatu bitxia izango du. Izan ere, 100 urte barruko euskal estatu sozialista hipotetiko batean kokatutako irratsaio bat izango balitz bezala dago planteatuta. Iragarkiak, albisteak eta elkarrizketak, guztia testuinguru horren baitan dago kokatuta", nabarmendu du Uribesalgok.

Horrez gain, esan bezala, gustu guztietarako ekintzak egongo dira: "Hitzaldiak, dokumentalak, bazkari errusiarra –25 plaza daude soilik eta tiketak Arrano tabernan eros daitezke–, poesia emanaldia, erakusketa eta autoformakuntza saioak. Azken hauek hitzaldiak baino parte-hartzaileagoak dira. Borobilean jarri, testuak banatu, eta gaia komentatzen joateko aukera ematen digute".

Eskaintza zabala dela eta, herritarrak jardunaldietan parte hartzera animatu gura izan ditu Uribesalgok. "Herritarrek, euren interesen arabera, formatu ezberdinetako eskaintzak dituzte aukeran. Herritar guztiei zuzendutako jardunaldiak dira, oñatiarrak izan zein kanpokoak izan. Beraz, animatu daitezela parte hartzera", zehaztu du.

Gaztetxeko beste ekintzak

Jardunaldi horietaz gain, beste zenbait ekintza ere egongo dira azaroan Antixenean, eta barra irekita egongo da egubakoitzero, 18:00etatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak