Basauri izan da gehiago Fagor Industrial Aloñaren kontrako partiduan: 22-25

Mireia Bikuña 2017ko aza. 1a, 16:00

Bukaerarako emaitza itxuratu duten arren, oñatiarrek ezin izan diote neurria hartu lehiari. Bizkaitarrak lehen minututik ipini dira aurretik, eta aise menderatu dute lehia, tarte batzuetan, etxekoek markagailua berdindu duten arren. Fagor Industrialek bigarren partidua galdu du jarraian.

Hondarribiaren kontra azken jaurtiketarekin galdu ostean (29-28), Fagor Industrialek garaipena behar zuen sailkapenean indartsu mantentzeko. Bada, ez du asmatu Basauriren kontra. Partiduari erritmoa ipintzeko eta neurria hartzeko zailatasun handiak izan ditu.

Iazko txapelketako bi talde indartsuenak izan ziren, eta, aurten, lehia batzuetan kale eginda ere, sailkapenaren goiko lekuetan egoteko hautagaietako bi direla erakutsi dute kantxan. Elkar ondo ezagutzen duten bi talde, nor baino nor gehiago. Eta, joko irakurketa horretan, bizkaitarrek asmatu dute hobeto. 1-3 eta 3-5 aurreratu dira. Aloñak ez du aprobetxatu Basauri bi jokalari gutxiagorekin geratu denean. 6-9 ere ipini dira aurretik. Une horretan erakutsi dute oñatiarrek adorea zer den. Zaleen laguntzarekin, bederatzina berdindu dute, 24. minutuan. Baina, hor geratu dira. Azken bi golak Basaurik egin ditu.

Bigarren zatia eskasa etxekoendako

Lehen zatiaren azken minutuetan erakutsitako adorea, aldagelan utzi dute Aitor Aranbururen jokalariek. Indar barik eta huts asko eginez hasi dute bigarren zatia eta Basaurik ondo baino hobeto aprobetxatu du: 9-12, 11-15 eta 14-23.

Bederatzi goleko errentarekin partidua erabakita zegoela zirudien, baina, etxekoek beste ekinaldi bat izan dute: 4-0ko partziala egin dute lau minututan, 18-23 ipini arte. Hortzak estutu dituzte azken minutuetan berdinketaraino heltzeko asmoz, baina, ez dira helmugara heldu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak