Erraz irabazi du Aloña Mendik Ikasberriren aurka (5-1)

Imanol Gallego 2017ko urr. 29a, 18:59

Unai Gilek bi gol sartu ditu.

Aloña Mendi eta Ikasberri taldeen arteko partiduan etxekoak izan dira nagusi. Bi zatietan oñatiarrek izan dute baloiaren eta jokoaren kontrola, nahiz eta une batzuetan Ikasberrik euren joko apur bat eten duen. Lehen bi golen ostean, etxekoak erlaxatu egin dira, baina azpeitiarrek ez dute aukera aprobetxatu eta hiru puntuak etxean geratu dira.

Pasa den astean, Ikasberrik Tolosa gainditu eta gero, argi zegoen gaurkoa ez zela partidu erraza izango. "Gure maila onena erakutsi behar izan dugu", azaldu du Aloña Mendiko entrenatzaile Gotzon Urzelaik. Egia da etxekoek ondo jokatu dutela, eta primerako defentsa bati esker, oso gutxi izan dira azpeitiarrek areara iristeko izan dituzten aukerak. Aloña Mendik dena izan du alde, eta taldeak jokoaren maila jaitsi duen uneetan, Ikasberrik ez du aukera aprobetxatzen jakin.

Lehen gola Unai Gilek irabazitako baloi baten ostean iritsi da; ateko marraraino iritsi da, eta berak erdiratutako baloia Mikel Palaciosek errematatu lehen gola lortu du. 22. minututan Ibai Morenok erdiratutako baloia buruz errematatu du Unai Gilek, eta 2-0ekoa jarri du markagailuan. Lehen zatia amaitzear zegoela azkoitiarrek aldea laburtu dute, Alex Altolagirrek sartutako golari esker. Dena den, atsedenaldia iristeko minutu gutxiren faltan, Gaizka Irizar area barrura sartu da baloia hanketan zuela, eta jaurtiketa eder batekin 3-1ekoa egin du atsedenaldiaren aurretik.

Bigarren zatian ere nagusi

Atsedenaldiaren ostean, partiduak bide beretik jarraitu du. Bigarren zati horretako ordu laurdena bete denean Unai Gilek bere bigarren gola eta taldearen laugarrena lortu du jaurtiketa indartsu batez baliatuta. Partidua amaitzear zegoela iritsi da golik ederrena. Xabier Irizarrek Ikasberri taldeko Bereziartua atezaina aurreratuta zegoela ikusi, eta zelaiaren erdi-erditik egindako jaurtiketa baten bidez oñatiarren bosgarren gola izenpetu du.

Hiru puntuek, lehen postuari eutsi eta denboraldi honetako helburua den igoerarekin amets egiteko arrazoi gehiago eman dizkio Aloña Mendiri. Urzelai entrenatzaileak garaipena garrantzitsutzat jo duen arren, ez du amets egin nahi: "Burua hurrengo partiduan izan behar dugu, denboraldi amaiera oso urrun dago oraindik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak