Abenduaren 17an izango da Oñatiko ziklo-kros lasterketa, Urrutxuko zelaietan

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 27a, 10:12

Sei txirrindulari ariko dira Arrikrutz taldean 2017-2018 denboraldian: kadete mailan Aitor Altube, Unai Cueva, Aimar Erostarbe eta Aritz Torres eta junior mailan, berriz, Ander Blazquez eta Iosu Gartzia. Dagoeneko hasi dute denboraldia; bi lasterketa egin dituzte eta bihar, zapatua, Laudion izango dute hirugarrena.

Pasa den zapatuan egin zuten denboraldi berrira begirako aurkezpena. Aipatutako txirrindulariez gain, zuzendari lanetan ibiliko diren Xabi Aiastuik, Iker Arkauzek eta Julen Arkauzek osatuko dituzte taldeak.

Denboraldia, baina, aurrez hasita zuten txirrindulari oñatiarrek. Izan ere, urriaren 7an izan zen lehenengo lasterketa, Urduñan, eta aurkezpenaren hurrengo egunean Beasainen izan zen denboraldiko bigarren lasterketa. "Hasiera ona eman diogu denboraldiari, emaitza txukunak egiten ari dira txirrindulariak", azaldu du Ruper Arkauzek, Aloña Mendiko txirrindularitza saileko kideak. Bi lasterketen artean asteburu bateko atsedena izan zuten, eta Burgosko lasterketa batean parte hartzeko aprobetxatu zuten oñatiarrek. "Erritmoa eta sentsazio onak mantentzeko egokiak izaten dira halako lasterketak. Hala ere, eurek nahi izan zutelako joan ziren, guk ezer esan gabe", dio Arkauzek.

Helburua, disfrutatzea

Txirrindularitza saileko kideak azaldu duenez, emaitzen gainetik, helburua txirrindulariek disfrutatzea da. "Emaitzei dagokienez, ez dugu inoiz helbururik jartzen. Guk urtero nahi izaten duguna da ziklo-krosa praktikatu nahi duten ziklistek parte hartu ahal izatea, eta, horrekin batera, lasterketetan disfrutatu dezaten. Zazpigarren denboraldia hastera goaz eta hori gure filosofiaren parte izan da hasieratik. Ziklistei ez diegu inongo presiorik sartzen, eta, bizikleta gainean gozatzen badute, emaitzak berez heltzen dira. Oraindik ikasten ari dira eta emaitzak gutxienekoak dira. Gainera, haien artean giro oso ona dute eta hori da garrantzitsuena", azpimarratu du.

Abenduaren 17an, Oñatin

Hamasei lasterketa izango dituzte denboraldian Arrikrutzeko txirrindulariek. Esan bezala, bi egin dituzte dagoeneko, eta bihar, zapatua Laudion izango dute hirugarrena. Oñatiko lasterketa denboraldi amaieran izango da, urtero moduan. Abenduaren 17an izango da, Urrutxuko zelaietan, eta aldaketa handirik ez dute aurreikusten. "Agian, ibilbidean egingo dugu aldaketatxoren bat, baina, gainontzean, dena berdin mantenduko dugu", zehaztu du Arkauzek.

Errepidekoa, bukatuta

Errepideko denboraldia amaitu da, eta ontzat eman du Arkauzek. "Gustura gaude denboraldiak eman duenarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak