2014ko udazkenean jarri zen martxan Oñatiko Auzoko egitasmoa eta atzo, astelehena, egin zuten ikasturte berriko aurkezpena. "Oso pozik gaude, egitasmoa indartsu hasi delako. Talde zabal eta polita sortu da. Bertako eta kanpoko jatorriko oñatiarrak daude talde berean eta gogotsu daude guztiak", adierazi du Iñaki Akizuk, euskarako udal teknikariak.
Topaguneko Julen Korkostegi izango da taldeko dinamizatzailea eta astelehenero elkartuko da taldeko kideekin. 18:30etik 20:00etara elkartuko dira Bidebarrietako lokalean elkarren artean jarduteko. "Harremanak sortzea da helburua. Elkar ezagutzea eta euskara ikasi eta ezagutzea", zehaztu du Akizuk.
Taldea irekita dago eta parte hartu gura duenak astelehenetan egiten duten solasaldi horietako batera joan daiteke.