Laugarren garaipena Fagor Industrial Aloña Mendirentzat

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko urr. 21a, 20:43

Fagor Industrial Aloña Mendi eta Ereintzaren arteko partidua Zubikoa kiroldegian gaur, zapatua.

Errenteriako Ereintza taldea hartu du Oñatiko taldeak gaur etxean, eta 30-24ko emaitzarekin bukatuta norgehiagoka, beste bi puntu poltsikoratu dituzte oñatiarrek. Hori horrela, atzeratutako partidu bat jokatzeko duten arren, orain arte jokatutako guztiak irabazi dituzte.

"Hasiera gogorra izan da, bagenekien talde gogorra zela aurreko asteetan jokatu dituen partiduko emaitzak begiratuta eta borrokatu egin behar izan dugu, bai. Jokalari gazteak ditu baina indar handikoak, akaso hori izan dugu aldeko, esperientzia gehiagoko jokalariak ditugula; hala ere, min hartutako asko ere bai eta ondorioz, indarrak dosifikatu egin behar izan ditugu. Ez da gure egunik onena izan baina pozik gaude emaitzarekin, eta esango nuke zaleak ere halaxe geratu direla", kontatu du Jon Irizar Oñatiko taldeko jokalariak.

Zazpi goleko aldearekin atsedenaldira

Nahiko parekatuak izan dira hasierako minutuak, baina 15.minutuaren bueltan hainbat golen abantaila lortu dute etxekoek eta horri eustea lortuta, zazpi goleko abantaila zuten atsedenaldira joan orduko. "Bigarren zatian eustera irten gara baina erasoan jarraitu dugu. Klabe aipagarrietako bat, baina, Kepa Urzelai atezaina izan da. 15.minutuan Eneko Ugarteren lekua hartuta sartu, eta segidan lau geldiketa garrantzitsu egin ditu".

"Partiduz partidu"

Halaxe joan beharra dutela dio Irizarrek iazko lorpenak aurten ere errepikatzeko aukerarik ikusten duten galdetuta: "Momentuz oso ondo hasi gara, lautik lau irabazi ditugu. Iaz listoia oso altu jarri genuen, eta ikusiko dugu aurten nola amaitzen dugun. Partiduz-partidu joateko esaten digu entrenatzaileak; hortaz, hurrengoan Hondarribira goaz, eta azaroak 1ean basauri etorriko da hona".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak