"Orain arte oso ondo doa eguna, parte hartze handiarekin eta giro ederrean. Goizean bi txapelketa egin ditugu: Larrañako frontoian hasi gara frontenisean jokatzen eta Zubikoa kiroldegian egin ditugu geroago, finalerdiak eta finala. Zortzi bikote izan dira aurrez-aurre eta Patatxo eta Leirek osatutako bikotea izan da onena. Zubikoa kiroldegian egin dugu, era berean, Neskalada txapelketa; hamar lagunek hartu dute parte, horien artean, helduak eta gazteagoak, eta Irati Guenetxea izan da irabazlea. Haur batzuk ere hurbildu dira eta txapelketatik kanpo bada ere, horiek ere gustura ibili dira paretetan gora", kontatu du Pototak emakume asanbladako kide Arantzazu Sagarzazuk.
Antzerki musikatua arratsaldean eta kontzertua gauean
Herritar guztiak jaian parte hartzera gonbidatuta, gaztetxeko ateak zabalik dituzte datozen orduetan egingo dituzten ekitaldietarako. Arantzazu Sagarzazuk eta Zumaiako Maite Aizpuruak Atzoko ogixa antzerki musikatua egingo dute 17:00etan Antixenan, eta gauean ere musikaz gozatzeko aukera gehiago izango dira emakume musikarien eskutik: Arrasateko Perlata taldea eta Iruñako Las Tipex taldeak igoko dira agertokira, 22:00etan hasita. Ondoren, DJ Bolloren emanaldia izango da Arrano tabernan.