Sufrituta lortu du Natra Oñatik urteko lehen garaipena

Xabi Gorostidi 2017ko urr. 15a, 12:58

Lehen hiru partiduak etxetik kanpo jokatu eta gero, Atletico San Sebastian bisita izan zuten atzo. Atsedenaldira 20 puntuko aldearekin iritsi arren, puntu bakarrera gerturatu ziren donostiarrak, baina taldearen azken erreakzioari esker aurretik mantendu ziren bukaerara arte (81-79).

Garaipen erreza zirudiena, sufrimenduz eta tentsioz betetako garaipena bilakatu zen atzo Natra Oñatiko jokalarientzat. "Hasieran primeran jokatu genuen, ondo defenditzen eta ondo erasotzen, eta lehen bi laurdenak amaitu orduko 20 puntuko aldea geneukan markagailuan" azaldu Aitor Ugarte taldeko prestatzaileak.

Baina atsedenaldi ostean, lasaitasuna urduritasun bihurtu zen etxekoentzat, aurkarien hiru jokalariren eraginez.

"Jakin bagenekien, Atletico San Sebastianeko nazional mailan aritzen ziren hiru jokalari etortzekoak zirela. Berandu heldu zirenez, hirugarren laurdenean kantxaratu ziren, baina segituan irauli zuten partidua. Lauzpabost hiruko sartu zituzten, eta defentsan zorrotzago egin ziguten aurre. Horri, gure talde gaztearen urduritasuna gehituta, blokeo fase baten sartu ginen, eta puntu bakarrera gerturatu zitzaizkigun".

Hala ere, bost minuturen faltan, etxekoek egoerari buelta ematea lortu zuten, eta bi puntuko aldearekin amaitu zuten partidua. "Azken minutuan falta eta jaurtiketa libre asko egon ziren, baina momentu zail horretan eustea lortu genuen, eta hala etorri zen aurtengo lehen garaipena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak