Urtero bezala, argazkilari guztiendako dago zabalik deialdia eta bi sail izango ditu. A saila: Gizakia mendian izena du lehenak eta B saila: Mendi ingurunea bigarrenak. A sailean lehiatuko dira mendi ingurunean gizakiak egindako ekintzak azaltzen dituzten argazkiak; alegia, alpinismoa, mendi-zeharkaldiak, trekkingak, eskalada, BTT... Ez dira onartuko lehiaketetako argazkiak. B sailean, berriz, mendi inguruneko argazkiak aurkeztuko dira, hala nola paisaiak, mendiak, flora, fauna...
Argazkilari bakoitzak, gehienez ere, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu sail bakoitzean eta ez dira onartuko aurreko urteetan aurkeztutako argazkiak. Partaide bakoitzak, bestalde, sari bakarra irabaz dezake atal bakoitzean. Oñati saria bere atalean saririk irabazi ez duen oñatiar argazkilari baten argazkirik onenarendako izango da.
Adituen epaimahaia
Aloña Mendirekin harremanik ez duten hiru argazkilari esperientziadunek osatuko dute epaimahaia. Lehenengo aukeraketan atal bakoitzeko 20 argazki aukeratuko dituzte eta horiek izango dira inprimatuko diren argazkiak. Azken aukeraketa inprimatutako argazkiekin egingo da. Irabazleen berri azaroaren 15ean jakinaraziko zaie irabazleei eta herritarren aurreko aurkezpena azaroaren 17an egingo da. Azaroaren 20tik abenduaren 3ra bitartean zabalduko da erakusketa.