Komunikazioaren inguruko formazio ikastaro bi antolatu ditu Udalak herriko elkarteendako. "Joan den urtean egin genuen lehenengoa eta esperientzia ontzat baloratu zuten. Komunikazioaren gaia behin baino gehiagotan agertu zen modu orokorrean, eta horregatik erabaki dugu aurten gai horren inguruko saioak antolatzea. Talde eta elkarte asko daude herrian, indartsu dihardute, eta ulertzen dugu Udalak modu honetan ere lagundu behar diela", azaldu du Partaidetzako batzordeburuak, Nerea Zubiak.
Lehen ikastaroa, zortzi ordukoa, urriaren 27an eta 28an izango da eta proiektuak garatzeko eta plazaratzeko gaitasunak landuko dituzte. Bigarrena bederatzi ordukoa izango da eta taldeek elkarren artean lan egiteko dauden tresna eraginkorrak azalduko dituzte, besteak beste. Azaroaren 21ean, 23an eta 28an izango dira saio horiek. Ikastaroek alde teorikoa eta praktikoa izango dute eta taldeen kezkak eta zalantzak argitzera bideratuko dira.
Izen-ematea
Saioetan parte hartzeko, derrigorrezkoa da izena ematea, plazak mugatuak dira eta. Dagoeneko zabalik dago. Talde bakoitzeko bi lagunek eman dezakete izena, gehienez, ikastaro bakoitzean, eta plazak izen-ematearen hurrenkeran beteko dira. Tokiak baino eskaera gehiago egonez gero, itxarote-zerrenda osatuko da. Izena emateko bideak bi dira: udaletxeko harrerara joatea da bat eta helbide honetara mezua bidaltzea da bestea: partaidetza@onati.eus.