Herriko jaiak zirela eta aurreko asteko jardunaldiko partidua azarora atzeratu ostean, Euskadiko Txapelketako bigarren partidua jokatu du gaur arratsaldean Zubiko kiroldegian Fagor Industrial Aloña Mendik Gasteizko Corazonistas taldearen kontra.
Maila aldetik nahiko talde antzerakoak izanda, lehia gogorra izan da bien artekoa, eta bai oñatiarrek eta baita gasteiztarrek akats ugari egin dituzte. Lehenengo zatian gasteiztarrak izan dira nagusi markagailuan, baina betiere gol bateko edo bi goleko aldearekin. Baina lehenengo zatia amaitzeko 30 segundren faltan oñatiarrek aurrea hartu diete, eta atsedenaldira 11-10 joan dira.
Atsedenalditik bueltan bi gol gehiago egin ditu Fagor Industrialek, 13-10 jarriz, baina horren ostean markagailua berriz ere parekatu da. Neurketa bukatzeko bost minutu geratzen zirela bi goleko aldea lortu dute oñatiarrek, eta aldeari eusteaz gain, gol bat gehiagorekin handitzea ere lortu dute 22-19 amaitu arte. Aipatzekoa da bi taldeetako atezainek egindako lana.
Oñatiarren entrenatzaile Aitor Aranbururen esanetan, partiduko gakoa defentsan egon da: "Erasoan zenbait kasutan azkarregi ibili gara eta baloiak galdu ditugu, eta hori horrelako partiduetan igarri egiten da". Gaineratu du denboraldi-aurrean ere jokatu zutela Corazonistasen kontra, baina orduan erraz irabazi zioten moduan, gaurkoan garaipena kostata lortu dutela: "Txapelketan maila igo egin da, gogorragoa da orain". Datorren astean Deusto Loiola Unibertsitatea izango dute aurkari oñatiarrek.
Arrasatearrek, berdinketa
Euskadiko txapelketan lehian dabilen beste taldeak, Ford Mugarrik, etxean, Iturripen izan du jardunaldiko partidua. Arrasatearrek 25-25 berdindu dute Hondarribiaren aurka.