Gaizka Tobar: "Sexualitatea modu positiboan bizi behar da, beldur gabe"

Maider Arregi 2017ko urr. 7a, 11:30

Oñatiko sexologia zerbitzua, Xirrika,  indartuta dator ikasturte berrian. Herritarren hainbat eskaera medio, aurrerantzean sexologia zerbitzua Gaztelekuan eta Bidebarrieta 14ko bulegoan eskainiko da herritar ororendako eta doainik. Gaizka Tobar eta Naiara Lody –Desirakeko kideak– izango dira zerbitzua eskainiko dituzten sexologoak.

Orain dela hiru urte jarri zuen Udalak martxan sexologia zerbitzua. Orain arteko balorazio positiboa egiten duten arren Desirak-eko sexologoek, zerbitzua indartzea eta herritar orori zabaltzea gura izan dute ikasturte berrian. Momentuz, abendura arteko proba egingo dutela azaldu dute. "Hiru urte hauetako balorazioa oso positiboa da; posible dela sexualitateaz berba egitea beldurrik eta lotsarik gabe ikusi dugu. Nire erronka da gazte eta pertsona denengana heltzea orain", argitu du Tobarrek.

Tobarrek gaineratu du, gura duenak emakumezko batekin edo gizoneko batekin berba egiteko aukera izango duela. Hala, hileko bigarren egubakoitzetan Naiara Lodyk eskainiko du zerbitzua.  Hala, Xirrika-k zerbitzua eskainiko du egubakoitzero: Gaztelekuan (17:00-18:45) eta Bidebarrietako bulegoan (19:00-20:30). Aurrez txanda hartzea komeni dela ere badiote: txantxiku.sexuaholkularitza@gmail.com edo Facebooken: Oñatiko sexu aholkularitza.

Aholkularitza eta kontsultarako gaiak

Sexu arazoak, genero identitatearen gaineko zalantzak, antisorgailuen erabilera, sexua eta drogak, gaixotasunak... zalantza guztiak argitzeko prest daude Desirak taldeko sexologoak: "Gurasoak maiz, ez dakite nola bideratu sexualitatearen gaia seme-alabekin eta gu laguntzeko prest gaude. Bikote harremanetako zailtasunak bideratzen ere laguntzen dugu –zakila ez da tentetzen, denbora, aluko mina, haurrak ezin eduki, dolua...–. Haurdunaldiko beldurrak, generoaren ikuspegiko zailtasunak, arazoak... lasai etorri daitezke guregana".

Ikastetxeetan kontzientziatzen

Iaz bezala, aurten ere herriko ikastetxeetako ikasle –LH, BH– eta irakasleei zerbitzua eskainiko die Desirak taldeko sexologoek. "naturaltasunez eta tabuak apurtuz" lan egin gura dutela hezkuntza mailan ere diote. Helburua, gaztetxoengana heltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak