Musika eskaintza zabala, San Migel jaietarako

Iker Oñate 2017ko ira. 29a, 14:53

Musikarik ez da faltako San Migel jaietan; era guztietako emanaldiak biltzen ditu egitarauak. Azken urteetan moduan, hiru gune nagusi egongo dira: herriko plaza, Atzeko Kalea eta txosnagunea. Emakumeen presentzia indartu da horietan.

Musika emanaldiz beterik dago San Migel jaietako egitaraua; askotariko estiloak topatu ahal izango dira egunotan herriko kaleetan. "Gustu eta adin ezberdineko jendearentzako egitaraua eraikitzea izan dugu helburu nagusi", azaldu du Nerea Zubiak,  kultura zinegotziak. Besteak beste, Ken Zazpik, Iseo & Dodosoundek eta London Orkestrak jardungo dute agertoki gainean.

San Migel eguneko kontzertua

Azken hiru urteetan, San Migel egunean –irailak 29– sona handiko taldeak ekartzeko apustuarekin dihardu Udalak. "San Migel egunak ez zuen gura besteko indarra. Hori irauli nahirik, egun horretan inbertsio handiagoa egitea erabaki genuen. Orain artean, arrakasta izan du saiakerak", dio Zubiak.

Bide horretan, Ken Zazpi musika taldeak jardungo du plazako agertokian; 23:00etan hasiko da kontzertua. "Abesti ezagunak dituzte eta ikuskizun polita eskaintzen dute, gainera", dio Zubiak. Argitu duenez, adin ezberdineko jendeari dago zuzenduta. Talde bizkaitarrak pop rocka lantzen du, euskaraz.

Emakumeen presentzia indartuz

Aurten, arreta berezia jarri dute agertokietan emakumeen presentzia indartzeko jardunari. Gauzak horrela, hainbaten artean, Iseo & Dodosound taldea azpimarratu du Zubiak: "Talde ezaguna da. Mundu mailako birak egiten ditu". Reggae dub estiloaren bueltan dabil bikote nafarra. Bada, Atzeko Kaleko agertokian jardungo dute gaur, San Migel eguna, 19:30etik aurrera.

Bestetik, The Ladies: Rock & Roll-aren jaia taldearen emanaldia izango da Errosaixo egunean –urriaren 1ean–, 19:00etan hasita. Zehatz esanda, 50 eta 60. hamarkadetako giroa –kantuak zein estetika, esaterako– berreskuratuko ditu aipaturiko tributuak. "Ez da erraza izan emakumeen tributu bat aurkitzea", aitortu du Zubiak.

Txosnaguneko eskaintza

Bestetik, era askotako musika taldeak izango dira txosnaguneko agertokian. Herri egunean –bihar–, esaterako, Autobus Magikoa, Los Zopilotes Txirriaus eta Sua entzuteko aukera izango dute bertaraturikoek. 22:00etan hasiko da hitzordua.

Bestalde, aurtengoan berrikuntza dakar txosnetako egitarauak: gaur ez da Karrikaldirik egongo. Horren ordez, Eskean Kristo, Bitz eta Humus musika taldeek jardungo dute, 22:00etan hasita. Aipatu beharrekoa da Bitz musika talde oñatiarrak duela gutxi berrekin diela emanaldiei, denbora batez geldirik egon ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak