'Handia' adituen eta ikusleen onespenaz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko ira. 29a, 14:27

'Handia' filmeko lantaldea domekan Donostian.

Euskal erakundeetako ordezkarien eta askotariko profiletako ikusleen aurrean aurkeztu dute, Donostian, Moriarti Produkzioen azkeneko lana, eta bihar, zapatua, jakinaraziko dute saririk eskuratzen duen; hurrengo erakusleihoa Londresen du.

Domekan aurkeztu zuten Aitor Arregi oñatiarrak eta Jon Garañok zuzendu duten Handia filma Donostia Zinemaldian. Aurreikusten zen moduan, ikusmin handia sortu zuen: zinemazaleez gainera, erakundeetako ordezkariak eta aktore asko bildu ziren Kursaal aretoan.

Bihar, zapatua, egingo dute amaierako ekitaldia eta han banatuko dituzte sari nagusiak eta bestelakoak; besteak beste, euskal ekoizpen onenarena, hau da, Irizar saria.

Madrilgo kritikariek, aldekoak

Txalo zaparrada eta hitz polit asko jaso ditu dagoeneko filmeko lantaldeak; hortaz, Aitor Arregi zuzendaria gustura da Handia-k hasi duen ibilbidearekin. "Oso pozik gaude; sinatuko genuen, orain dela hamar egun, izan dugun harrera edukitzea. Orokorrean, zinema-kritikarien aldetik jasotako iritziak onak dira, badira txarrak ere, nola ez, baina hori normaltzat jotzen dugu, kontuan hartuta kritikarien profilak oso ezberdinak direla; kritikari bati muturreko zinema gustatzen bazaio, hari ez zaio gustatuko Handia, baduelako bere alde klasikoa. Madrilen, batez ere, oso ondo hartu dute filma, orokorrean iritzi oso onak edo filmaren aldekoak dira, El Periódico, El País, La Vanguardia eta ABC egunkarietan, esaterako. Batzuek diote hemengo lanek bateratasuna sortzen dutela eta horregatik ez dugula gaitasunik kritika zorrotzak egiteko. Hemengo adituen kritika onak jaso ditugu, Berria eta El Diario Vasco egunkariak, kasu, baina txarrak ere bai, Gara-n, esaterako; eta inongo arazo barik diot hori. Akaso, pasio gutxiagorekin bizi izan duen jendeak, kanpotik begira dagoen jendeak, beste begi batzuekin ikusi du, eta, duda barik, asko pozten gara horrekin. Era berean, jende askok esan digu pelikula bere buruan hazten ari dela, eta hori da entzun daitekeen gauzarik politena".

Urrian zinema aretoetara

Donostia Zinemaldiaren ondoren, Londres du Handia-k hurrengo geltoki. Zinema aretoetan, berriz, urriaren 20an estreinatuko dute eta aurrestreinaldia egingo dute urriaren 5ean, Gorbeia aretoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak