Aurreko urtean maila galdu ostean, Gipuzkoako Lehen Mailan jokatuko du aurten Aloña Mendi saskibaloi taldeak, eta, hasiera batean, maila horri eustea izango da taldearen helburua, "Multzo indartsua egokitu zaigu, sona handiko taldeak baitaude. Hori bai, ez dakigu askorik mailaren gainean; urte asko dira bertan jokatu ez dugula. Horregatik, oraingoz, salbazioa dugu helburu. Partiduek aurrera egin ahala joango gara helburu errealak zehazten", adierazi du entrenatzaileak, Aitor Ugartek.
Denboraldi-aurrearekin pozik dago Ugarte: "Urte asko dira elkar ezagutzen dugula eta badakit bakoitzak zein ekarpen egin diezaiokeen taldeari". Aurtengo garaipenetan jokalari gazteek zeresan handia izango dutela gaineratu du.
Kilometroak festa dela eta, domekatik zapatura aldatu dute partidua. Zarautzen izango da, zapatuan, 20:30ean, Zarautz Zast taldearen kontra.