Aloña Mendi eskubaloi taldeak zapatuan hasiko du denboraldia, Urdulizen aurka jokatuko duen partiduarekin; 20:00etan dute hitzordua, Urdulizen.
Bada, denboraldiari ekiteko "gogoz" dira oñatiarrak. Aitor Aranburu entrenatzaileak esan du partidu gogorra izango dela: "Talde gogorra da; are gogorragoa, etxean jokatzen duenean. Beraz, gauzak ongi egin beharra izango dugu, partidua irabazi nahi badugu".
Orain artean egindakoarekin gustura da Aranburu. "Gogor jardun dugu denboraldi-aurrean. Bost partidu jokatu ditugu, eta bakarra galdu", dio. Orain, bolada horri jarraipena ematen saiatzea dagokie.
Asteburuko norgehiagoka irabazteak duen garrantzia azpimarratu du Aranburuk. "Aurrera begira, garrantzitsua izan ohi da denboraldia garaipen batekin hastea", azaldu du. Datorren asteburuko partidua atzeratu egin dute, sanmigelengatik, jokatzeko kantxa topatu ezinda.