'Xavier Alvarez de Eulate' pintura lehiaketa zapatuan

Iker Oñate 2017ko ira. 15a, 14:36

Aurtengoa, bosgarren edizioa du Arantzazun –aire zabalean– egiten den pintura lehiaketak. Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak elkarlanean antolaturiko ekimena da; eta, edonork esku har dezake.

Xavier Alvarez de Eulate margolari frantziskotarraren omenezko pintura lehiaketak bosgarren edizioa du aurtengoa; Arantzazuko Basilikako beirateen egilea da Alvarez de Eulate. Biharko finkatu dute hitzordua. Parte hartu nahi duenak egunean bertan eman beharko du izena, 10:00ak eta 12:00ak bitartean, Gandiaga Topaguneko kultura zentroan.

Bestetik, parte hartzaileek arratsaldean entregatu beharko dituzte euren lanak, 16:00etatik 17:00etara bitartean, izena eman duten toki berean. Orduan hasiko da epaimahaiaren lana.
Aipatu beharrekoa da, bestalde, gura duen orok parte har dezakeela. Horretarako, ba, hiru kategoria eskainiko dira: helduena –16 urtetik gorakoena–, gazteena –12 eta 16 urte bitartekoena– eta haurrena –11 urte artekoena–. Kategoria bakoitzari dagozkion sariak banatuko dira irabazleen artean.

Finean, teknika librea erabilita, Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute parte hartzaileek. "Margolanaren kalitatea ez ezik, parte hartzaileak Arantzazuren izaera jasotzeko izan duen abilezia baloratu ohi dute epaileek", dio Juan Biainek, Arantzazu Gaur Fundazioko ordezkariak.

Zapatuan aurkezturiko margolanak, ostera, ikusgai jarriko dira Gandiaga Topaguneko kultura zentroan. Erakusketa urriaren 7tik 29ra bitartean egongo da zabalik, asteburuetan eta jai-egunetan.

Kaligrafia erakusketa, ixtear

Bestetik, kaligrafia erakusketa domekara bitartean egongo da ikusgai. Itxiera asteburua izaki, ordutegi berezia finkatu dute antolatzaileek: interesa duenak, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean izango ditu ateak zabalik.

Euren aldetik, antolatzaileak "pozik" dira  egitasmoak orain arte izaniko harrerarekin: " 800 pertsona inguru bertaratu dira erakusketara. Dena den, kopuruari baino, bestelako lorpenei begiratzen diegu. Hala, aipatzekoa da diseinuaren munduaren bueltan dabilen jende ugari etorri dela; askok, hurrengo urteko ekintzetan esku hartzeko interesa erakutsi dute, gainera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak