Ekin dio denboraldiari Herriko Futbol Txapelketak, eta, ohi bezala, zazpiko futboleko San Migel Txapelketarekin abiatu da. Pasa den astean jokatu ziren lehen partiduak, honako emaitza hauekin: Zalaparta 0-2 Etxaixat; Sasquatch 0-1 Auschwitz; Kalañatasaray 3-5 Txuskos; eta Harripe Balonpie 4-2 Shatoken Moüra. Emaitza horiek kontuan hartuta, bihar, zapatua, jokatuko dituzte finalerdiak, Larrañako futbol zelaian.
Alde batetik, Harripe Balonpiek eta Txuskosek neurtuko dituzte indarrak, 12:00etan. Bestetik, Etxaixat eta Auschwitz ariko dira aurrez aurre, 13:00etan. Finala datorren zapatuan izango da, irailaren 23an.
Zortzi taldek eman dute izena San Migel Txapelketan. Hala ere, txapelketa horretan ez dute gero liga txapelketa jokatuko duten talde guztiek izena ematen, data eta jende kopuruarekin lotutako arazoak direla eta.
Hamaikako futbola, mantendu
Urtetik urtera talde gutxiagok ematen dute izena Herriko Futbol Txapelketan eta izena ematen duten horiek ere jendez justu ibiltzen dira askotan. Hori dela eta, iazko denboraldia bukatu ostean, zalantzan jarri zen hamaikako futbola, eta batzordean planteatu zuten denboraldi osoan zazpiko futbola egitea. Hala ere, hamaikako futbola bere horretan mantentzea erabaki dute.
Hamabi talde ligan
Iazko talde kopuru berbera izango du aurtengo liga txapelketak. Izan ere, Joxely taldeak ez du jarraituko, baina haren lekua Harripe Balonpie taldeak hartuko du. Beraz, honako hauek osatuko dute 2017-2018 denboraldiko liga txapelketa: Albok, Auschwitz, Dollygan's, Etxaixat, Hangola, Harripe Balonpie, Kalañatasaray, Kili-Kolo, Sasquatch, Shatoken Moüra, Txuskos eta Zalapartak.
San Migel eta Errosaixo jaien ostean, urriaren 7an Superkopa jokatuko dute iazko liga eta kopa txapeldunek, Albokek eta Kili-Kolok, hain zuzen.
Horren ostean, urriaren 21ean hasiko da liga txapelketa. Joko-sistema eta arautegia ez dira aldatuko: lehen lau sailkatuak liga irabazteko finalaurrekoetarako sailkatuko dira eta gainontzekoek kopa lehiatuko dute, kanporaketa formatuan.
Bi epailek, utzi
Jabi Altubek eta Jabi Azpiazuk epaile lanak egiteari utzi diote eta aurrerantzean bi epaile bakarrik geratuko dira: Joseba Molinero eta Mattin Ugarte. Beraz, taldeetako ordezkariek egin beharko dituzte epaile lanak.