Domekan egingo da aurtengo Haurren Eguna Oñatz dantza taldeak antolatuta eta dagoeneko azken xehetasunak lotzea baino ez zaie falta. Euskal Herriko hamahiru dantza talde etorriko dira, tartean Hendaiako Akelarre eta Iruñako Duguna. "Azken bi urtetan talde ezberdinekin harremanak hasi eta sendotu ditugu eta horren emaitza dira talde hauek. Harreman hauei esker gure txikiek tokian tokiko plaza eta dantza ezberdinak ezagutzeko aukera izaten dute eta oso aberasgarria da hori", adierazi du Oñatz dantza taldeko Maite Irizarrek.
Familiak
600 bat haur dantzari elkartuko dira eta denak Oñatiko etxe partikularretan banatuko dituzte bazkaltzeko. "Haurren gurasoen inplikazioa handia da oso eta horri esker da posible hori. Oñatiko Haurren Eguna erreferente da kopuruari dagokionez, baina gurasoen laguntzagatik da hori. Baita udalarena ere", dio Irizarrek. Egun osoko festa izango da.
Egitaraua
Urtero moduan, Otadui zuhaiztian egingo diete ongietorria haur dantzariei 10:15ean. 11:45ean alkate txikiaren agurra egingo dute Foruen plazan eta ondoren dantzan ibiliko dira kalez kale, bazkal ordua heldu arte. Arratsaldeko alardea 17:00etan izango da.