Odriozolak ordezkatuko du Infante

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko ira. 7a, 11:47
Odriozola eta Infante elkarrekin igerilekuan gaur goizean

Zubikoa kiroldegian 33 urte egin ditu lanean Xabier Infante Artzak eta datorren urtean hartuko du erretiroa. Josune Odriozola igerilari ohi oñatiarra izango da bere ondorengoa eta ikasturte honetan elkarrekin gidatuko dute Aloña Mendiko igeri taldea.

Josune Odriozolak (Oñati, 1996) hartuko du Xabier Infante Artzaren erreleboa. Pozik eta gogotsu dago, neurri berean, igerilari ohia: "Artzak bere lana hartzeko proposatu zidanean harritu egin nintzen. Egia esan dena ondo pentsatuta eta antolatuta zuen berak eta ondo hartu nuen. Ziur nago laguntza ere izango dudala, eta pozik nago, bai".

Urtebete

Uztailaren 1ean bete ziren 33 urte Zubikoako igerilekua zabaldu zutela, eta huraxe izan zen bere lehen lan eguna Oñatin Artzarendako. Orduan Gasteizen bizi zen eta hona etortzeko aukera ikusi zuenean ez zuela asko pentsatu gogoratzen du berak, "etorri eta listo". Harrez gero makina bat ordu egin ditu igerilekuan. Datorren urtean hartuko du erretiroa eta dagoeneko  badaki nork hartuko duen bere lana. "Josune pertsona egokia izango litzatekeela pentsatu genuen eta horregatik proposatu genion", dio.

Kirol hezkuntza ari da ikasten Odriozola eta eskainitako aukera hau paregabea dela dio: "Azken urtea egingo dut ikasturte honetan eta oso aukera ona da niretako. Praktikak egin behar ditugu ikasketen azken kurtsoan eta Oñatin bertan eta igerilekuan egingo ditut nik".

Obrak

Praktika horiek egiten aste honetan bertan hasi da. "Oraindik ez dakit zenbat igerilariren ardura izango dudan, normalean 40 inguru izan ohi gara taldean. Baina tokia ondo ezagutzen dut eta baita igerilari gehienak ere. Gainera, badakit goizean goiz jaikitzea zer den, nahiz eta lotia naizen. Orain arte ez bezala gero lana izango da eta betebeharra bete egin behar da", esan du arduratsu oñatiarrak.

Oporretan egon berri, lanean hasteko gogoz dago Josune Odriozola. "Badakit obra edo lan batzuk egitekoak direla igerilekuan eta oraindik ez dakit horrek zertan eta zehazki noiz eragingo digun, baina moldatuko gara", dio baikor.

Ikasturte honetan elkarrekin arituko dira lanean Infante eta Odriozola eta datorren kurtsoan helduko dio entrenatzaile paperari bete betean gazte oñatiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak