Bi ibilbide ditu aurten ere, mendi martxak

Aurreko bietan bezala, Oñatiko inguruaz gozatzeko aukera egongo da aurtengo mendi martxan ere.

Irailaren 16an egingo da eta Foruen plazatik eta Kortakogainera arteko ibilbidea  berdina izango da parte-hartzaile guztiendako. 13:30ean Tiago omenduko dute. Plazako anoa puntuaz Kilometroak egitasmoko lantalde bat arduratuko da. Izena emateko azken eguna irailak 11 da.

Hirugarrenez antolatu dute Oñatiko mendi martxa. Irailaren 16an, zapatua, egingo da aurtengoa eta aurreko edizioetan bezala, honetan ere bi ibilbide ezberdin egongo dira aukeran.

Ibilbide biak Foruen plazatik abiatuko dira 07:30ean eta Garagartzatik, Lamiategitik, Olatetik, Jaturabetik eta Arrikrutzetik pasa ostean, Kortakogainera iritsiko dira. Luzea aukeratu dutenak Arendui aldera joango dira handik, gero Bellotzara, Iturrigorrira, Urbiara, Mallara, Biozkornera, San Jurgira, Asentziora eta San Martinera joateko Foruen plazara heldu aurretik. Guztira 32 kilometroko ibilbidea egingo dute horiek. Ibilbide motza aukeratu dutenak, berriz, Kortakogainetik Gesaltzara joango dira eta handik Arantzazuko Errotara, Zapiarbera, Arantzazura, Durura, Mallara, Biozkornera, SanJurgira, Asentziora, San Martinera eta berriz plazara; 23 kilometro.

Lau anoa puntu

Ibilbide biak ondo markatuta egongo dira eta ez da galtzeko arriskurik egongo. Anoa puntuak ere egongo dira; lau guztira. "Arantzazuko auzo etxean eta Mallan jarriko ditugun puntuetan jatekoa eta edatekoa egongo da parte-hartzaileendako. Ibilbide luzea aukeratzen dutenendako Iturrigorrin ere egongo da postu bat, baina han edatekoa bakarrik eskainiko zaie. Laugarren puntua izango da Foruen plazan bertan egoten den txosna", azaldu du antolatze lanetan diharduen Josu Lizarraldek.

Plazako postuaren ardura herriko talde edo eragile batek hartzen du eta parte-hartzaileek ordaintzen duten kopuruaren euro bat talde horrendako izaten da. Joan den urtean, esaterako, Hotz Oñati taldeak hartu zuen ardura. Aurten, irailaren 24an Oñatin egingo den Kilometroak festa antolatzen ari den lantalde bat arituko da txosna horretan lanean.

Aurtengo mendi martxan, bestalde, maiatzean hil zen Tiago Gonçalves oñatiarra omenduko dute. "Aurreko edizioetan laguntzaile izan genuen eta egindako lan hori eskertu gura diogu. Oroigarri bat emango diogu haren familiari", azaldu du Lizarraldek. Ekitaldia Foruen plazan izango da, 13:30ean.

Zabalik

Mendi martxan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago irailaren 11ra arte. Bi bide daude egiteko: Oñatiko Aloña tabernan eta www.kirolprobak.com helbidean. Prezioak dira: hamabi euro federatuak eta hamalau euro federatu gabeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.