goiena.eus

Jose Mari Bengoa Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan bosgarren, Castellar de n'Hug-en

  Gizartea  Oñati

Domekan 55. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa jokatu zen Kataluniako Castellar de n'Hug herrian. Hamaika artzainek hartu zuten parte eta Jose Mari Bengoa oñatiarrak bosgarren postua eskuratu zuen, laugarrenarekin berdinduta. Txapelketaren irabazlea Hilari Novillo katalana izan zen, Witney bere txakurrarekin batera.

Jose Mari Bengoa Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan bosgarren, Castellar de n'Hug-en
Jose Mari Bengoa, ezkerretik hasita laugarren, Carles Puigdemont presidentearen alboan | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztuaren 27an, El Berguedà eskualdeko Castellar de n'Hug herrira hiru mila pertsonatik gora hurbildu ziren, 55. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketaz gozatzeko asmotan (Regio7 tokiko komunikabidearen arabera).

Hilario Novillo katalanak eskuratu zuen lehen postua, eta Carles Puigdemont, Kataluniako Generalitateko presidentearen eskutik jaso zuen saria. Puntu bat gutxiagorekin, bigarren postuan, José Urien abadiñoarra gelditu zen, eta hirugarren Miquel Adrover balearra.

Hiru euskaldunek hartu zuten parte txapelketan, tartean Jose Mari Bengoa oñatiarra. Bosgarren postuan sailkatu zen oñatiarra, laugarrenarekin berdinduta. Gainera, Bengoaren Eder txakurrak sari berezia jaso zuen, arraza ezaugarri garbienak dituen txakurrarena hain zuzen ere.

Euskal artzainak ondo Katalunian

Jose Mari Bengoak azpimarratu nahi izan du euskaldunak aurten Katalunian egiten ari diren "lan ona"; bere hitzetan "hori da albisterik onena". Abadiñoarraren bigarren postuaz gain, abuztuaren 6an, Bengoak berak ere bigarren postua lortu zuen Pradeseko (Tarragona) 30. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan. Lehiaketa berean Antonio Alustiza aresoarra hirugarren gelditu zen. Horretaz gain, Llavorsí herrian (Lleida), abuztuaren 20an ospatu zen 31. Estatuko Artzain Txakur Txapelketan Eneko Serranok, 23 urteko orozkoar gazteak, bigarren postua lortu zuen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa