Lou Topet taldeak kontzertua eskainiko du eguaztenean

Lou Topet agertoki gainean. Argazkia: Lou Topet

Kalean egitasmoaren baitan, azken bi diskoetako kantuak bilduko dituen emanaldia eskainiko du. Kalean egitasmoaren baitako ekimena da.

Lou Topet musika talde zarauztarrak kontzertua eskainiko du eguaztenean, uztailaren 26an, Atzeko kalean; 19:00etan hasiko dute emanaldia. Kalean egitasmoaren baitan antolaturiko hitzordua da aipaturikoa; orain artekoan, hainbat kultur emanaldi izan dira herrian, horren aitzakiapean.

Bada, zarauztarrek euren azken bi lanetako abestiak eskainiko dituzte: Abesti bat gutxiago eta Peter Seeger gogoan lanetako kantuak izango dira entzungai. "Azken bi proiektuak aurkeztuko dizkiogu bertaraturikoari. Batzuetan, lan berriak aurreko guztiak baztertzea dakar. Gure kasuan, ez da hori gertatu, biak uztartzen jakin izan baitugu", argitu du Oier Aranzabalek, taldeko kideak.

Seeger omenduz

Esan bezala, talde zarauztarrak Peter Seeger gogoan diskoko hainbat kantu eskainiko ditu. Bost abesti biltzen ditu Peter Seeger folk musikari estatubatuarraren omenez sorturiko lanak. "Bere kantuak geure egin ditugu, euskarara itzulita", dio Aranzabalek. 2017an kaleratuta, euren azken lana da aipaturikoa.

Proiektu horri lotuta, aipatu beharrekoa da Lou Topetek hainbat emanaldi berezi eskaini dituela argitaratze egunetik. Bilboko Arriaga antzokian jardun dute, besteak beste. Emanaldi hartan, euskal musikaren bueltako protagonisten laguntza izan zuten. Tartean izan ziren Aiora Renteria, Eñaut Elorrieta eta Anje Duhalde.

Bestetik, Abesti bat gutxiago bataiaturiko lana eskainiko dute zarauztarrek; 2015. urtean plazaraturiko lana da. Argitu beharrekoa da Abesti bat gutxiago proiektuak ez duela ohiko formatua: disko-liburua da. Bada, hamaika kantuk eta liburuxka batek osatzen dute musika egitasmoa.

Harkaitz Cano idazlearekin elkarlanean sorturiko proiektua da 2015ekoa. Bide horretan, liburuxka bat sortu zuten, bertsiogintzari buruzko hausnarketa moduko bat eskaini guran. Canok esku hartu izan du zenbaitetan Lou Topeten emanaldietan.

Musika proiektua

Atzera begirakoaz mintzo, esan beharra dago Lou Topet ez dela ohiko taldea. "Musika taldea baino gehiago, proiektu bat litzateke Lou Topet. Aldian-aldian, pertsona ezberdinek esku hartu dute bertan", azaldu du Aranzabalek. Sortze egunetik, beraz, hainbat pertsona izan dituzte kolaboratzaile; eta eurek ere esku hartu izan dute zenbait proiektutan.  Esaterako, Imanol Urbieta euskal musikari eta idazlearen omenez grabaturiko Bakarrik eta libre diskoan esku hartu zuten.

"Oro har, urte hauetan guztietan, oinarria mantendu dugu. Hori bai, proiektuaren arabera, bidelagunak aldatzen joan dira", dio Aranzabalek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.