'San Sebastian Region' autobus turistikoa Oñatira iritsiko da

Autobus turistiko berrien aurkezpena.

Asteburu honetan, abian jarriko dira Gipuzkoako barnealdea eta kostaldea ezagutzeko aukera eskaintzen duten autobus turistikoak. Uztaila, abuztua eta iraileko zapatuetan eskainiko da barnealdeko zerbitzua, eta domeketan, kostaldekoa. Gipuzkoa barnealdeko ibilbidean Donostia, Tolosa, Ordizia eta Oñatin geldituko da autobusa.

Gipuzkoa ezagutzeko, turistentzako autobus zerbitzu berezia jarriko da udako hilabeteetan. Ekimen pribatu hau, Foru Aldundiak sustatu du, eta helburua, Donostiara iristen diren turistei lurraldeko zenbait puntu ezagutzeko modu erakargarri eta eroso bat eskaintzea da.

Uztaila, abuztua eta iraileko zapatuetan autobus turistikoak Gipuzkoa barnealdeko ibilbidea egingo du; Donostia-Tolosa-Ordizia-Oñati-Ordizia-Tolosa-Donostia. Domeketako kostaldeko ibilbidea aldiz, Zarautz, Zumaia Getaria eta Azpeitia-Loiolara joango da.

Uztailaren 8tik aurrera martxan egongo den autobus turistikoaren aurkezpenean, Kultura eta Turismo diputatu Denis Itxasok eta Enrique Hernáez Euskal Herriko handizkari hartzaile den STI Servicios Turístico Integrales-eko zuzendari nagusia egon dira. Itxasok esan du une honetan garrantzitsuena ez dela turista gehiago etortzea, "baizik eta turistak lurraldea ezagutzea eta hobeto banatzea".

"Pixkanaka zenbait azpiegitura eta plan egituratzen ari gara, bidaiariei gure lurraldea ezagutzeko aukera errazak eskaintzeko. Horrek guztiak lagunduko du hiriburuan dagoen turismo metaketa arintzen, bidaiarien egonaldia luzatzen eta turismoak dakarren aberastasuna leku guztietara zabaltzen. Une honetan, garrantzitsuena ez da turista gehiago etortzea, baizik eta turistak lurraldea ezagutzea eta hobeto banatzea", esan du Itxasok.

Herri bakoitzean interesgarriak diren guneak eta egin daitezkeen bisita gidatuak azaltzen dira. Hiru, bi edo geldialdi bakarra egin ahalko dituzte bisitariek, eta herri bakoitzean bi edo bi ordu eta erdi (bazkalorduan) izango dituzte turismorako. Txartelaren prezioa 25 eta 45 euro artekoa izango da, geldialdi kopuruaren arabera, eta 2 eta 12 urte bitarteko haurrek %50 ordainduko dute.

Oñatitik irtetea nahi izanez gero, autobusean bertan hartu ahal izango dira txartelak, eta irteera Donostiatik bada berriz, aukera ezberdinak daude erreserba egiteko: 946 071 707 telefonoan, servitur@stipaisvasco.com emailean, www.sansebastianreservas.com-en, San Sebastian Explore Region eta Donostia Turismok Boulebarren dituzten turismo bulegoetan edota autobusean bertan egin ahal izango da.

Oñatiko turismo bulegoak jakinarazi duenez, Oñatira hurbiltzen direnek bisita gidatu ezberdinak egin ahalko dituzte:

• 13:00 eta  17:00etan bisita gidatuak, Oñati monumentala, bertan Sancti Spiritus Unibertsitatea eta San Migel Parrokia bisitatuz.

• Turismo Bulego ordutegian San Migel errota martxan jarriko da, Erdi Aroko harribitxia ezagutuz.

• 12:00etan Txokolateixia, Txokolatearen interpretaziora bisita gidatua, abuztuan 605763595 telefonoan egin kontsulta.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.