Oñatiko kiroldegia eraberritzeko 453.000 euro eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Kiroldegiko eta igerilekuko eraberritzea geroz eta gertuago dago. Oñatiko udalak aurkeztutako proiektuak 453.000 euroko diru laguntza lortu du Gipuzkoako Diputaziotik. Kiroldegia eraberritzeko diru-laguntza da hori. Igerilekua bere osotasunean eraberrituko da –ur putzuak, aldagelak, dutxak...–, eta ziurra da, ez dela kanpoko igerilekurik egingo.

Kiroldegiko eta igerilekuko proiektu berria gauzatzeko 453.000 euroko diru-laguntza emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Oñatiko udalari. Inbertsioekin lotuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol azpiegituretarako argitaratutako diru-laguntza lerro batera aurkeztu zen Udala.

Ekainaren 17an bildutako Batzorde Ebaluatzaileak egindako ebazpenaren proposamenean, Oñatiko udalak aurkeztutako proiektua 453.000 eurorekin laguntzea proposatu zuen eta oraingo eguaztenean argitaratu den Foru Aginduak aipatu diru laguntzaren ebazpena konfirmatu du. "Berri ona da, udal langile, zinegotzi eta arkitektoek egindako lanak emaitza eman duelako", adierazi du kirol zinegotzi Borja Moiuak.

Kirol azpiegituren gaineko prozesua

2016ko udazkenean, Udal Gobernuak martxan ipini zuen herriko kirol azpiegituren inguruko prozesua eta bertatik eratorritako talde eragilean parte hartu zuten 14 lagunak buru-belarri ibili dira lanean azken hilabeteotan udalarekin batera. Datorren astean amaituko da prozesu hori eta laster emango da emaitzen berri.  "Behin prozesuko emaitzak eskuartean izanda eta beste erakundeetatik jasoko dugun diru-kopurua jakinda, datozen urtetako kirol inbertsioen plangintza egingo dugu", adierazi du kirol zinegotzi Moiuak. Asmoa da irailean lanak planifikatzea eta urtea amaitu aurretik proiektuaren erredakzioa esleitzea.

Inbertsio beharra

Udal Gobernuaren agintaldiaren erdian herritarren asebetetzea neurtzeko egin den inkestaren emaitzetan nabarmen azaleratu da herritarrek igerileku eta kiroldegian inbertsioak egin beharra ikusten dutela. Zehazki, %70ek aipatzen du premia hori, horietako asko eta asko erabiltzaile izan ez arren. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.