Ken Zazpi taldeak joko du San Migel egunean, Oñatiko plazan

Miren Arregi Amasorrain 2017ko uzt. 4a, 15:50

Dagoeneko badakigu zein izango den aurtengo Oñatiko San Migel eta Errosario jaietako talde izarra. Gernikako Ken Zazpi, hain zuzen ere. Irailaren 29an izango da kontzertua, San Migel egunean, Oñatiko plazan. Bezperan, hasiko dira aurten San Migel eta Errosario jaiak, eta urriaren 2an bukatuko dira. 204.000 euroko aurrekontua du udalak jaietarako.

Herriko jaietan herritarren lankidetza sustatzeko bilera irekia egin zuen atzo Udaleko Kultura sailak eta deialdiarekin bat egin zuten herriko lau kultur taldek edo eragilek: Jose de Azpiazu Musika Eskolak, Txosna Batzordeak, Olaitturri taldeak eta Sarek. Herritar bat ere joan zen bilerara bere ekarpen eta proposamenekin. "Etorri diren taldeetako bik proposamen berriak egin dituzte. Jose de Azpiazu Musika Eskolak plaza dantzak egiteko proposamena egin du eta Sarek, presoen aldeko ekimen berri bat proposatu du", adierazi du kultura zinegotzi Nerea Zubiak. 

San Migel egunean, Ken Zazpi

Badira urte batzuk, plazako gunea indartu guran, udala, ekonomikoki esfortzu handiagoa suposatzen duten taldeak ekartzen hasi zela eta harrera ona ikusirik, aurten ere bide berari eustea erabaki dute. Hala, San Migel egunean, gauez, Ken Zazpi talde gernikarrak kontzertua eskainiko du Oñatiko plazan.

Bestelakoei dagokienean, Nerea Zubia zinegotziak azaldu du, betiko guneak mantenduko direla, eta iaz berrikuntza izan zen Bidebarrietako umeen guneak izandako arrakasta ikusita, aurten ere gune bezala mantentzea erabaki dela. "Atzeko kalean kontzertu intimoagoak eskaintzen jarraituko dugu eta  Bidebarrietako umeen gunearekin ere bai. Gaztetxoen eguna gazteekin antolatu izan dugu eta laster hasiko dira hori antolatzen. Bestetik, zezena egun batera mugatuko da, San Migel biharamuna desagertu egingo delako eta hala, Errosaixo Bixamona egunean bakarrik egongo da sokamuturra".

Txosna batzordearen ekarpena

Txosna Batzordeko ordezkari bat ere izan zen atzoko batzarrean. Txosna guneak urtero bere egitarau propioa izaten badu ere, udaleko jai egitarauan txertatuta joaten da hori, eta elkarlanean osatzen dute. Jakitera eman zutenez, egitarauari dagokionez, San Migel egunean bertso eta musika proposamen bat antolatzen ari dira eta gauean rock kontzertuak izango dira. Zapatuan, Oñatiko erromeria talde bat izango da eta Errosario domekarako, bakarlari bat ekartzea da asmoa.

Egitaraua alde batera utzita, txosna gunearen egiturari dagokionez, aldaketak egongo direla aurreratu dute. Oraindik zehazteke dago zein itxura hartuko duen guneak, baina orain arteko karpa ez da erabiliko, ez, hasiera baten behintzat.

Artisau azokan parte-hartzeko

Bestetik, zabalik dago uztailaren 20ra arte, Herri Egunean antolatzen den artisau azokan parte hartzeko izen-emate epea. Azoka Irailaren 30ean izango da, eta aukeratuak nortzuk diren uztailaren 28tik aurrera jakinaraziko zaie eskaerak bidaltzen dituzten artisau guztiei.

Beste hiru deialdi

Bestetik, uztailaren 10ean bukatzen da jarraian zehazten diren hiru deialdietan izena emateko epea. Herri eguneko talo taberna kudeatzeko deialdia da lehena. Aurkezten den taldearen ardura izango da horniketa eta ustiaketa osoa. Era berean, lortutako irabaziak taldearendako izango dira.

Atzeko kaleko txosna kudeatzeko deialdia da bigarrena. Aurkezten den taldearen ardura izango da horniketa eta ustiaketa osoa. Udalak txosna eta soinu-ekipoa jarriko ditu eta udalarekin adostu beharko da txosnaren irekiera egutegia eta ordutegia. Irabaziak, taldearendako izango dira. 

Azkenengo deialdia da, Herri Eguneko bazkarian parte-hartzekoa. Herri Egunean antolatzen den bazkarirako mahaiak atondu eta bazkaria zerbitzatzea da deialdi honen helburua. Baldintzak dira, 40 laguneko taldea izatea, eta eguerdiko 13:00etarako kiroldegi aurrean egoteko konpromisoa hartzea.

Azal lehiaketarik ez

Jaietako esku programako azal lehiaketarako ez da deialdirik egingo aurten. Azken urteetan lehiaketa indartzeko hartu diren erabakiek erantzun eskasa izan dutela ikusirik, aurten, programaren diseinua, diseinatzaile profesional baten esku uztea erabaki da.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak