Ainhoa Murillo: "Oso gustura nago eginiko denborarekin"

Urte gutxi daroatza Ainhoa Murillok (Oñati, 1995) bizikleta gainean, baina jada esangura handiko probak ditu eginak. Tartean da Quebrantahuesos izenekoa: Aragoi aldean egiten den 200 kilometro luzeko bizikleta proba. Murillo "gustura" da han egindakoarekin. Esaterako, antolatzaileen aitortza jaso zuen, emakume gazteena izateagatik

Quebrantahuesos proban esku hartu duzu lehenengoz.

Duela hiru urte hasi nintzen bizikleta gainean serioski ibiltzen; entrenatzen eta, tarteka, bizikleta probetan esku hartzen. Bide horretan, orain dela bi urte Quebrantahuesoseko ibilbide laburrean jardun nuen. Asko gustatu zitzaidan esperientzia, eta proba luzean izena emateko ideiarekin amaitu nuen. Hori horrela, aurten apuntatzea erabaki nuen eta esku hartzea egokitu zitzaidan.

Orduan, izena ematen duen orok ez du parte hartzen.

Hori da. Kasu batzuetan –izena ematen den lehen urtean, esaterako–, zozketa bidez erabakitzen da nork parte hartuko duen, izena ematen dutenen kopurua proba egin dezaketenena baino handiagoa baita.

Emakumeen kategorian gazteena izan zinen.  

Hala da. Eta ilusio handia egin zidan antolatzaileen partetik aitortza hori jasotzeak. Trofeo bat eman zidaten. Aurrera begira ere motibazio puntu bat eman dit aitortza horrek.

Emakume askok parte hartzen dute Quebrantahuesosen?

Aurten 182 emakume geunden proba luzean; ez da asko. Hala ere, bizikleta gainean gero eta emakume gehiago dabilela nabari dut; pixkanaka-pixkanaka, gure lekua egiten dihardugula, alegia. Hori, duda barik, nabariko da hurrengo urteetako parte-hartzean. Dena den, ezin daiteke uka alor horretan asko dugula egiteke.

Aurretik egina zenuen halako probarik?  

Bai. Horrelako proba askotan parte hartzen ez dudan arren, Quebrantahuesosen ibilbide luzera begira, Donostia eta Baiona arteko bizikleta proba egin nuen apirilean, 130 kilometro luze zituena. Sekulako esperientzia izan zen; niretzat, desberdina, bakarrik ibiltzera ohitua bainengoen.

Halako probek prestaketa prozesu luzea eskatzen dute.

Bai. Eta konstantzia behar izaten da. Hori bai, nire kabuz jardun dut, entrenatzaile barik, nire sentsazioen araberako entrenamenduak eginez. Gusturago ibiltzen naiz horrela.

Hemen inguruan egin dituzu entrenamendu saio guztiak?

Ez. Egia da nagusiki Euskal Herriko txokoetan jardun dudala; baina, horretaz aparte, Errioxa aldera ere joan naiz. Finean, otsailetik ekainera bitartean jardun dut Quebrantahuesoserako prestatzen. Askorako tartea izan dut bost hilabete horietan.

200 kilometro egin zenituen bizikleta gainean. Nola sentitu zinen?

Uste baino hobeto. Izan ere, aurretik ez nuen 180 kilometrotik gorako ibilbiderik egina. Aitortu beharra dut, hala ere, azken kilometroetan asko sufritu nuela. Hori bai, oso gustura nago eginiko denborarekin: zortzi ordu eta lau minutu. Urrezko domina jasotzeko denbora mugaren barnean amaitu nuen bizikleta proba. Beraz, ezin uka pozik nagoela.

Esperientzia errepikatzeko asmoarekin?

Zalantza barik. Hurrengo urtean ere Quebrantahuesosen esku hartzen saiatuko naiz. Bestalde, hemen inguruko –Euskal Herriko– bizikleta proba gehiago egin gura ditut. Grina hori, nola ez, ingurukoen partetik jasotako sostenguari esker da, neurri handi batean. Beraz, eskerrak eman gura dizkiet hilabete luze hauetan nire alboan izan diren senide eta lagun horiei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.