Taberna baten itxierak eztabaida sortu du osoko bilkuran

Miren Arregi Amasorrain 2017ko eka. 30a, 12:54

Atzo egin zen Oñatin ekaineko osoko bilkura eta zerrendako gai guztiak aho batez onartu ostean, Luisena taberna hilabetez ixteko erabakiaren gainean piztu zen eztabaida.

Gai zerrendatik kanpo, Eudelek LGTBI edo harrotasun egunaren harira egindako adierazpena irakurri zuen EAJk eta harekin bat egin zuten gainerako zinegotziek ere.

Baina, eztabaida, gero etorri zen, Luisena tabernaren itxierak kaltetutako herritar batek bere kexa azaldu zuenean. Gaizka Perosterenak salatu zuen, tabernak duen defentsa eskubidea gauzatzeko epea agortu aurretik hartu dela taberna ixteko erabakia. "Uztailaren 13ra arte du tabernak errekurtsoa aurkezteko epea eta dagoeneko erabakia hartuta dago, eta taberna itxita. Ez dakit, hori ondo iruditzen zaizuen. Luis tabernari defentsa eskubidea ukatzea". Eta gaineratu zuen: "Ematen du Luisena taberna kaltetzeko izugarrizko presa dagoela".

Aurrekariak

Mikel Biain alkateak horren aurrean, taberna ixtearen erabakia legezkoa dela defendatu zuen eta duela sei bat hilabete Txaketua tabernari ipinitako zigor bera ipini zaiola esan zuen. Aurrekarien berri ere eman zuen, gogora ekarriz, 2016ko azaroan gutuna bidali zuela taberna guztietara azalduz, herritarren kexak ugaritu egin zirela, eta eskatuaz, ordutegia eta zarata mailak errespetatzeko.

Mikel Biain alkatearen esanetan, 2017ko urtarrilean, herritar baten kexa iritsi zen batzorde batera. Kexa hura Luisena tabernaren kontrakoa zen eta zioen, tabernako musika kale osoan entzuten zela. Hori horrela, batzordeak ebatzi zuen, tabernaren funtzionamendua kontrolatzeko udaltzaingoari txostena eskatzea. Ondoren, Bergarako Ertzaintzara bideratu zen "Kale Zaharreko tabernen gaineko kexa orokor bat". Han aipatzen zen, alkatearen esanetan, Luisena tabernaren kontra kexak jaso zirela. Horren ondoren, Ertzaintza Oñatira joan zen zapatu gau batez eta Luisenaren gaineko ordutegi- akta bat idatzi zuen. Horren ondotik ipini dio isuna alkateak tabernari. Atzotik itxita dago, hilabetez. 

EAJk harridura azaldu

Perosterenaren kexa eta alkatearen erantzuna entzun ostean, Lourdes Idoiagak EAJren izenean hartu zuen berba. "Beti pentsatu izan dut betetzen ez duenak ordaindu egin behar duela, baina denek berdin", adierazi zuen. "Gainera esan behar dut, EAJko zinegotziak oraintxe enteratu garela itxieraz, eta inondik pasatu barik, inon komentatu barik, itxita dagoela taberna. Ze presa dago?", gaineratu zuen.

Zalantzak uxatu

Lourdes Idoiaga jeltzalearen hitzei honela erantzun zien alkateak: "Zalantza bat baldin badago Luisenaren kontra ari garela, deitu Ertzain etxera eta galdetu. Ikusiko duzue badaudela beste batzuen kontrako kexak bideratuta, eta haien esku dagoela gaia. Zalantzak uxatu gura badituzue, deitu hara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak