32 pilotari Oñatiko San Migel txapelketan

Kadete eta gazte mailatan lehiatuko dira, bikoteka, ekainaren 30ean hasita. Ligaxka jokatuko dute launakako multzotan banatuta. Finalerdiak irailaren 15ean eta 16an izango dira, eta, final handiak, urriaren 1ean. Debagoieneko zortzi pilotarik parte hartuko dute: Ander Biain, Markel Gartzia, Aitor Tatiegi, Ibon Perez eta Iñigo Perez oñatiarrek, Manex Balerdi antzuolarra, Ander Etxaniz bergararra eta Ander Murua arrasatearra.

Sailaren 50. urteurrenaren harira "beste buelta bat" eman gura izan diote 35. urte betetzen dituen txapelketari. Hori horrela, kadete eta gazte mailetako pilotari sorta ederra batu ditu Aloña Mendikoek. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako pilotariak lehiatuko dira nor baino nor gehiago. "Inoizko txapelketarik parte-hartzaileena izango da. Ez da erraza izan pilotari kopurua mugatzea. Asko kanpoan utzi behar izan ditugu", esan du pilota saileko arduradun Josu Osak.

Ekainetik urrira arte

Ekainaren 30ean hasita, hori barne, zortzi jardunaldi jokatuko dituzte. Ligaxka erara izango da: ekainak 30, uztailak 7, 8, 14, 21, 28, eta, irailak 1 eta 8. Multzo bakoitzeko bi bikote onenak finalerdietarako sailkatuko dira. Irailaren 15ean eta 16an jokatuko dira. Finalak, urriaren 1ean, Errosario domekan.

Bailarako zortzi pilotari

Harrobi mailako pilotariei aukera ematen dien txapelketan Debagoienekoak ere egongo dira. "Etxekoei lekua egin gura izan diegu. Erakusleiho polita da eurendako. Oñatikoekin batera, bailarakoak ere egongo dira", esan dute.

Ibon eta Iñigo Perezek, Aitor Tatiegik eta Ander Etxanizek kadete mailan jokatuko dute. Ander Biainek, Ander Muruak, Manex Balerdik eta Markel Gartziak gazte mailan.