Txantxiaren ibilbidea ekainarekin batera bukatuko da

Oñatiko moneta soziala zirkulaziotik erretiratuko du udalak ekainaren 30ean. Izan ere, azkenaldian erabilera jaitsi egin dela sumatu dute, eta Sozioekonomia Batzordeak baloratu du baldintzak ez direla egokiak proiektuarekin jarraitzeko.

Oñatiko Udalak 2014ko urrian Elkarri lagunduz izeneko programa jarri zuen martxan, herriko merkataritza sustatzea helburu zuena. Bada, horri jarraiki sortu zuten Txantxia, Oñatiko moneta soziala. Orain, ekainaren 30ean, moneta hori zirkulaziotik kanpo geratuko da.

Erabaki hori hartzeko bi arrazoi egon direla azaldu du Unai Kortabarriak, udaleko enplegu teknikariak: "Alde batetik, ikusi dugu herritarren erabilera jaitsi egin dela azken hilabeteetan, eta beste aldetik, hitzarmenaren luzapenerako epera hurbildu ahala, Udalak merkatariekin batera balorazio bat egin du, komertzioak jarraitzeko prest egongo liratekeen ala ez galdetuz. Hala, zenbait establezimenduk adierazi digute eurak ere igarri dutela erabilera murriztu egin dela". Hala, Udalak uste du ez direla baldintza nahikoa ematen proiektuarekin jarraitzeko.

Trukea

Behin Txantxia zirkulazioz kanpo dagoenean, udal bulegoetan trukea egiteko aukera izango da abenduaren 31ra arte, bai herritarrentzat, baita proiektuan parte hartu duten komertzioentzat ere. Txantxi bakoitzeko euro bat jasoko dute trukea egitean.

Funts soziala

Proiektu honek iraun duen bitartean diru funts bat sortu da, funts soziala deitu diotena, eta diru hori herriko proiekturen batera bideratuko dute. "Ia 5.000 eurotako funts bat sortu da, eta diru hori herrian gizarte arloa edota proiektu solidarioak garatzen ari diren erakundeei bideratzeko asmoa daukagu", azaldu du Unai Kortabarriak. Hala, uztailaren 28ra arteko epe bat ireki dute komertzio parte hartzaileek euren ekarpen eta proposamenak egin ditzaten.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.